Igantziko gazte bat hil da Goizuetan, bide istripuz, asteburuko bosgarrena
GARA |
Asteburu beltza izan da zeharo Euskal Herriko errepideetan. Lau pertsona zendu ziren larunbatean Bizkaian eta Nafarroan izandako hiru istriputan, eta atzo beste gazte bat hil zen Goizuetan gertatutako beste ezbehar batean.
Nafarroako Gobernuak azaldu zuenez, istripua goizeko zazpietan gertatu zen NA-4150 errepidean, Leitza, Goizueta eta Hernani lotzen dituen errepideko 14,5 kilometroan, Goizuetan. Bi autok talka egin zuten, eta ondorioz pertsona bat hil eta beste hiru zauritu ziren.
Ezbehar horretan Igantziko Xabier Telletxea Etxeberria 33 urteko gaztea zendu zen.
Guardia Zibilak istripuaren nondik norakoak argitzeari ekin diola adierazi zuen Nafarroako Gobernuak. Istripuan zauritu ziren hiru lagunak Gipuzkoako ospitale batera eraman zituztela ere jakitera eman zuen foru Gobernuak.