Ziklo-krosa Asier Arregi izan da Gipuzkoako txapeldun Aizarnazabalen
Ruiz de Larrinagak asteburu borobila osatu du Igorreko probaren atarian
GARA | BILBO
Aizarnazabaleko proban denboraldiko zortzigarren garaipena erdietsi eta gero, Javier Ruiz de Larrinagak argi utzi du sasoiko iritsiko dela datorren igandean Igorren jokatuko den UCI Munduko Txapelketako laugarren probara.
Egun bat lehenago herrian bertan Arabako txapelketa eskuratu ostean, erakustaldi berri bat eskaini zuen atzo MMR Lizarte taldeko txirrindulariak: arabarrak egundoko etekina atera zion probaren aurreneko itzulietan ezarritako erritmo biziari, eta azkenengo partera Euskaltel-Euskadiko txirrindulari profesionala den Aitor Hernandezekin parez pare iritsi ostean, pedal-kolpe sendoak garaipenaren ateak zabaldu zizkion.
MMR Lizartekoa hamaika segundoko errentarekin iritsi zen helmugara, hirugarren postuan sailkatzea lortu zuen Unai Yusi hiru minututik gorako tartea ateraz. Seigarren tokian, berriz, Asier Arregi gipuzkoarra sailkatu zen, eta hala, jokoan zegoen Gipuzkoako Txapelketa eskuratzea lortu zuen. 23 urtez azpiko mailan, Jon Ander Intxausti izan zen probaren garaile eta Gipuzkoako txapeldun. Juniorretan Peio Olaberriarentzat izan zen garaipena eta kadeteetan Eneko Corrales eta Lierni Lekuonarentzat.