SOKATIRA Euskal Herrriko Launako Txapelketa
Ibarrak, ezustea emanez, lehen txapela jantzi du
Abadiño zen garaipena lortzeko talde faboritoa, baina hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.Jon LEUNDA
Atzo banatu zen sokatiran Euskal Herriko lehen txapela, eta Ibarrak lehen ezustea eman zuen. Abadiño zen, azken urte hauetako nagusia, finala irabazteko faborito nabarmena, baina 320 kiloko lehian, behintzat, Ibarrak irabazi zuen. Horretaz gain, launakoa amaitutakoan hasiko den zortzinakorako ere, gainerako taldeak adi-adi jarri zituen talde gipuzkoarrak.
Finala bera oso estua izan zen, berdinketa ugari izan baitziren, eta amaieran Ibarra, Berriozar eta Abadiño A berdinduta geratu ziren, eta kitarakoa jokatu behar izan zuten, sailkapeneko lehen hiru postuak erabaki ahal izateko.
Kitarako saioa hasteko, Abadiño A eta Berriozar neurtu ziren, eta bi tiraldiak irabazi zituen talde nafarrak, txapela janzteko lehen urratsa emanez. Ez zuten atsedenerako tarte handirik izan, ordea, eta Ibarraren aurka jokatu behar izan zuten atsedentxoa hartu ostean. Gipuzkoarren aurkako deman, bi tiraldiak galdu egin zituzten, eta txapelak ihes egin ziezaiekeela ikusi zuten. Ibarrak, aldiz, dena bere eskuetan zuen, Abadiñoren aurka irabaztea besterik ez zuen behar.
Azkeneko ekitaldi honetan Ibarrak ez zuen hutsik egin, eta Abadiño mendean hartu zuen, txapela bere zaleen artean lortuz, eta ezustea emanez, lehiaketa hasi aitzin ez baitzen talde faboritoa. Kitarakoak, ordea, ez ziren hor amaitu, izan ere Sokarri C bakarrik libratu baitzen, kitarakoa jokatu gabe. Azkeneko ekitaldian, Barrundiak eta Abadiño B taldeek ere jokatu behar izan zuten kitarakoa, azkeneko postua ekiditeko asmoarekin, eta arabarrek irabazi egin zituzten bi tiraldiak, eta bosgarren postua erdietsi ahal izan zuten.
Amaierako sailkapen nagusia honela geratu zen: lehenengo Ibarra A, 6 punturekin, bigarren Berriozar, 5 punturekin; hirugarren Abadiño A, 4 punturekin; laugarren Sokarri C, 3 punturekin; bosgarren Barrundia, 2 punturekin eta azkena Abadiño B, puntu batekin.
Datorren asteburuan atseden hartuko du Euskal Herriko Txapelketak, eta abenduaren 11n izango du jarraipena. Egun horretan Txantrean jokatuko da. Mutilak 300 kilokoan neurtuko dira eta emakumezkoak, berriz, 250 kilokoan.
Lehiaketan berdinketa ugari izan ziren, eta lehen hiru postuak erabakitzeko kitarakoak jokatu behar izan zituzten, baita azken postua erabakitzeko ere.