AIZKORA Omenaldia esquí alpino
Adunan denek izan zuten gogoan Mendizabal zena
J.L.
Joxemari Mendizabal zenak omenaldi hunkigarri bezain beroa jaso zuen atzo bera jaio zen herrian, Adunan, alegia. Egiten zuen hotzak ez zuen inor izutu, eta Adunako pilotalekua erabat bete zen bertako herritarrari omenaldia eskaintzeko. Mendizabal pasa den martxoan zendu zen Olasagastiren aurkako apustua amaitu ostean.
Aizkolari eta harri-jasotzaile pila handia batu zen omenaldia egiteko asmoarekin. Batzuk beteranoak, besteak egun-egungoak, eta harri-jasotzaileen kasuan ere gauza bera izan zen. Denek lan polita egin nahi izan zuten, bertaratu ziren zaleek ongi pasa zezaten.
Saio hasiera hunkigarria izan zen, bertaratu ziren kirolariek pasilo handi bat eginez hartu baitzituzten Mendizabalen sendikoak. Ondoren aizkolariek koadro handia oparitu zieten, beren argazkiekin, alboetan Mendizabal aizkoran agertzen zela. Harri-jasotzaileek ere gauza bera egin zieten, eta hori guztia Xebastian Lizasok eta Andoni Egañak aurkeztu zuten bertsotan. Ondoren ohorezko aurreskua jaso zuten senitartekoek, eta horren ostean abiatu zen jaialdia. Kirol ekitaldiak amaitu ondoren, denak Adunako sagardotegi batean bildu ziren bazkari batekin jaiari amaiera emateko.