Miren Amuriza Bizkaiko finalean izango da lehen aldiz
Miren Amuriza berriztarrak zuzeneko pasea lortu zuen atzo, BECen jokatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalerako. Bera eta Onintza Enbeita dira oraingoz ziur izango diren bakarrak, atzo Zornotzan jokatutako finalaurrekoaren ostean oso irekita baitago oraindik finaleko zortzikotea. Estiballes sailkatu zen bigarren eta Abasolo, hirugarren.Ane ARRUTI | ZORNOTZA
Bigarren emakumea ziurtatu du abenduaren 18an Barakaldoko BECen jokatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalak. Atzo Zornotzako Zelaieta frontoian jokatutako bigarren finalaurrekoan, Miren Amuriza gaztea zuzenean sailkatu zen 542 punturekin. Durangon lehen postua eskuratu zuen Onintza Enbeitarekin batera izango da finalean. Hirugarren eta azken finalaurrekoa Gernikan jokatuko da datorren igandean, eta orduan hasiko da kalkulagailuen dantza, puntuei begira oso estu egongo baita finaleko txartela. Estiballes atzoko bigarren sailkatuak 526,5 puntu eskuratu zituen eta, Durangon, Etxahun Lekuek 538 eta Jone Uriak 526,5.
930 bertsozale bildu ziren atzokoan Zornotzan. Kanpoan hotz, «bertso-gailuak» jartzeko proposatu zuen Peio Ormazabalek baina, hasiera parekatu baten ostean, termometroak ez zuen ofiziotako hirugarren lanera arte guztiz berotzea lortu. Hasierako lanetan, saioko bi gazteenek egindako lana nabarmendu zen. Parrandan atera, eta zenbat droga mugitzen den ikusita harrituta jarri zituen gaiak. «Biharamunak traizioneroak ez al dira holakotan/ disfrutatzea alperriko da gero ez gogoratzekotan», esan zuen Amurizak. «Baina ikusten den guztiagaz oso harrituta nago/ gaurko gazteek hartzen baitute Arkaitzek baino gehiago», egin zion keinu Ormazabalek, agurrean goraino dopatuta etorri zela aitortu zuen Estiballesi. Bigarren bertsoa, honela bukatu zuen Ormazabalek: «Arazoa ez da gau bakarrean hiru-lau marra sartzea/ baizik drogarik ez dauenean ondo ezin pasatzea».
Zortziko txikian, berriz, Ormazabal eta Estiballes egokitu ziren. Aita lehenengoa, ama bigarrena, haur jaio berriari noren abizena jarri erabakitzen. «Politagoa da ta gainera euskalduna», defendatu zuen Ormazabalek berea. «Ni haurdun geldituta hori da hori mauka/ espermatozoidetxo bat heldu zen aupa/ ta hori egiteak ze meritu dauka», erantzuna amak.
Amuriza hamarreko txikian nabarmen nagusitu zen. Senarra erretiratu denetik, Amuriza amak Abasolo semeari deitzen dio aita etxetik atera dezan. «Egun osoan ez dau jada egiten ezer/ lanpara baten pare geldi-ta oker-oker/ berari be hautsa kendu beharko deutsat laster», esan zuen lehenengoan. «Aita atera egizu kalera mesedez/ ta holan zeu kontrolauko zaitu bide batez», bigarrengoan. «Ama hortxe zabiltza irtenbide bila/ ortu bat ipini ta hara joan dadila», amaitu zuen Abasolok.
Arrate Illarok eta Ormazabalek ere barrea eragin zuten entzuleen artean hamarreko txikiko ofiziokako saioan. Lanetik neka-neka eginda, ezertarako gogorik gabe iritsi zen gizona etxera eta emazteak ordurako afari ederra prest zeukan mahaian. «Hau gure etxe hontan ez denez ohitura/ postrerako zer dudan ez dut jakin gura», esan zuen Arrigorriagako gazteak. «Ez zara enteratzen zelako pasada/ ezkondu ginenetik urte bat pasa da», gogoratu zion algortarrak eta gaineratu: «Nola ahaztu duzu mutil alaena/ postrerako zuk egin beharko duzu dena».
Kartzelan, konbentzituz
Kartzelako lanean, bi punturi eta gaiari erantzun behar izan zioten. Abasolo Abarkasek dotore josi zituen bi lanak. «Argiñano da gure enbajadorea», puntuari honela erantzun zion: «Baina Zornotzan dago beste bat hobea/ Eneko Atxa dugu nire ohorea/ bere laguntasuna dut nigan gordea». Gaia, berriz, honakoa izan zuten: «Hainbeste kostata baina, azkenean, lortu duzu bera konbentzitzea». Abarkasek koma egoeran zuen bere bikotekidearen sufrikarioa deskribatu zuen eta, azken bertsoan, makina deskonektatzeko konbentzitu zuen haren ama: «Nik esan diot amaitu dira gu guztion esperantzak/ ta azkenean baietz esan du eta onartu du behintzat/ beraz makina itzaliko da amak hartu baitu ontzat/ nahiz eta mina sentiko duen gure barrenak, bihotzak/ askoz hobea izango dugu beretzat eta danontzat».
Amurizaren lana ere ederra izan zen. Tratu txarrak jasotzen zituen laguna salaketa jartzeko konbentzitu zuen. Hona bigarren bertsoa: «Bizimoduan hartu behar dira makinatxo bat ikasgai/ nire lagunak aditu ditu ondoan mila hil kanpai/ baina halere gure laguntzaz pausu bat harago darrai/ basapiztia bat etsai/ ta emakumea deslai/ bere gizona bizi ez dadin gaurtik aurrera hain lasai/ epaile batek zigortu behar dau ta gizarteak ere bai».
Saioa Zornotzan izaki, Estiballesek Gatza herriko presoaren papera hartu zuen eta lagun baten bisita jaso zuen kartzelan. Honela amaitu zuen hirugarrena: «Ta lagunari hau esan diot biok diogu helduko/ konpromisoa hartu behar da hartu behar da ta punto/ ez pentsa gero neuk ere erahil nituen hainbat lagun urko/ eta horretaz enaiz harrotzen baina ez naiz damutuko». Puntu erantzuna ere dotore egin zuen. «Dana konpontzen dogu mahai inguruan», zen bigarrena. «Nik Loiolako mahaia daukat akorduan/ elkarrizketa hautsi egin zan orduan/ ea konpontzen dugun aurtengo neguan».
Iratxe Ibarra erregular aritu zen baina saioaren azken txanpan behera egin zuen. Kartzelako lanean, umea izateko konbentzitu zuen bikotekidea. «Lehen aldian bigarrenean ta pare bat musturreko/ beti ezetza nahiz ta planteau ondotik mila proiekto/ ta nik aurrera esaten neban ai ostia bakotxeko/ behar gendula hobeto/ aurrera egin ederto/ ta gura neban gure etxean ume txiki bat tarteko/ maitasun asko daukadalako dana bati emoteko», kantatu zuen bigarrenean.
Ormazabalek bere maisuaren paperetik kantatu zuen, eta Illarok maitaleari eskatu zion emaztea edo bera, aukera egiteko.