GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Elizaren moldatzeko borondate eza

Denbora hartu dut gaiaz mintzatzeko, izandako eraginak ez baitzuen bat-bateko iritzirik merezi. Pentsatzen hasita, agian horixe gertatu zitzaion Ratzingerri esaldia bota zuenean. Alegia, munduaren arazoak ezin gehiago aintzat hartzen dituela erakusteko, bat-bateko ulerkortasun haize batek-edo emango ziola. Eliza katolikoaren mendeetako doktrinaren baitako aspektu baten -sexualitatearen- beste aspektu zehatz bat -kondoiaren erabilera- aldatzen hasita horrela, askoren ustez, eman zaizkion zorionak eta ia esker ona ikusita.

Niri, ordea, zenbait kasutan kondoia onargarria izan daitekeelako horrek, egungo munduan barregarria izateaz gain, ezer gutxiren iraultza izango dela iruditzen zait. Batetik, azkar asko atera delako Vatikanoa hitzoi buelta ematera, sexualitatearen gizatiartasuna eta sakontasuna eta kondoiak eta guztiak zaku ulergaitzean nahasita. Gaizki-ulertuak eragindako bozkarioa zapaltze aldera. Bestetik, jakin badakigulako Elizak mendeak behar dituela bere doktrinarekin zorrozki bat ez datorrenari zertxobait irekitzeko. Eta, besteak beste, kondoiak ditu hedarazten nekatzen ez den familia-eredu bakar eta aratz horren etsai nagusi, hiesari aurre egiteko baliabide gisa ere baliogabetzat jota, are gehiago, arazoak gehiago hedatzen dituela baieztatuta (Ratzingerrek dixit, Afrikan, 2009an).

Hain zuzen, Afrikan egindako adierazpen horiek, hiesak erabat jota eta ulermena baino berehalako laguntza eta baliabideen premia larrian dagoen kontinentean, sekulako iskanbila sortu zuten munduan duela urte eta erdi baino ez, osasun-komunitatearengan batik bat: adierazpen zientifiko faltsua eta erantzukizun eza egotzi zioten, duen kargua eta horrek eskaintzen dion mundu osoari begirako bozgorailua aintzat hartuta, barkaezin eta lotsagarria, areago, kriminala. Orduan ere iritzi ugari, txarrerako; oraingoan, ordea, onerako. Elizaren aldetik jarrera-aldaketaren hazia delakoan, bere jarraitzaileen artean izan dezakeen oihartzun eta eragina gauzak aldatzen has daitekeelakoan.

Baliteke, prostituta edo prostitutua izanez gero, kasu horretan onartu baitu Aita Santuak preserbatiboa -falta zitzaiguna-; hala ere, ñabartu beharko litzateke, itzulpengintzari dagozkion aferak direla medio, batzuek emakumezkoei egin dietela aipamen, eta beste batzuek, aldiz, gizonezkoei... Ratzingerren emakumeen gaineko ustea ikusita, ama eta etxe-zaintzaile hutsa, eta apaiza izatea ezta pentsatu ere, gaitza egiten zait emakumezko prostitutei esleitzea «dena baimenduta ez dagoen kontzientzia berriro garatzeko lehenengo erantzukizun-ekintza» hori. Jesus, ardura handiegia umetoki ibiltariontzat.

Laburbilduta, ez dakit zertara etorri den mundua ordu batzuez hartu duen Ratzingerrek eragindako eta Vatikanoak berak lurpera eramandako alaitasun hau. Gehiago eman baitu burutik jota dagoen aitona baten despistea, egia aldaezinaren jabe den eta izateko zioa tradizioan -aldaezina era berean- duen erakunde honen kontzientzia-hartzea baino. Segundorik galdu gabe ere erakusteaz arduratu dena, badaezpada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo