GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Txipi Ormaetxea | Gasteiz

Euskara Poulidorren antzera

Egunkariek sarri egiten dituzten promozioen artean, GARA berriki ateratzen hasi dena, 1870-1970 bitarteko Euskal Herriko historia iruditan eskaintzen diguna, zinez interesgarria iruditu zait. Azaro-hasieran lehen liburukia atera zen (Karlismotik abertzaletasunera 1870-1900), eta hurrengo hilabeteetan beste hiru aterako dira, bilduma osatzeko.

Lehen liburukia erosi bezain laster, argazkiei eta irudiei beha nenbilela, inolako ordenarik gabe, jauzika, 1873ko argazki batean erreparatu eta azalpena irakurtzen hasi nintzen. Hasi orduko ohartu nintzen euskarazko testua ez zela jatorrizkoa, itzulpena baizik. Hala da hasiera 39. orrialdean: «Bigarren Karlistaldiaren desegigoaren ondorioz, euskal karlista asko izan ziren errepresaliak jasan zituztenak, bai kartzela nola deportazio moduan». Eta hau jatorrizko testua: «Como consecuencia de la derrota en la Segunda Guerra, muchos carlistas vascos sufrieron represalias, fuera en forma de cárcel o de deportación».

Eta ez naiz esaten ari itzulpena txarra denik, besterik gabe testua ez dela euskaraz sortua baizik. Badaezpada, liburuaren kredituak begiratu eta egiaztatu nituen erdaraz sortu dela eta gero euskarara aldatu.

Nik uste dut badela garaia euskarari lehentasunezko tratamendua ematekoa, eta ez, sarriegitan gertatzen den bezala, bigarren mailakoa. Lehen mailan gura badugu, euskaraz sortu behar dugu lehenengo testua, eta ondoren, egoki ikusten bada, erdarara itzuli.

Edonola ere, lanari berari begira, mila zorion egileei eta GARAri. Irrikan nago abenduaren 3an bigarren liburukia eskuratzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo