GARA > Idatzia > Kultura

«Harkaitzaren magalean» hirugarren gogoeta liburua kaleratu du Pello Zabalak

Naturarekin duen lotura estuari ondo helduta jarraitzen du Pello Zabalak, hala erakusten du behintzat «Harkaitzen magalean» ale berrian, bere gogoetak dietario moduan aurkezten dituen hirugarren liburuan.

p042_f01_096x100.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Pello Zabalak (Amezketa, 1943), fraide frantziskotarra izateaz gainera, eguraldiaren iragarpenarekin eta musikarekiko zaletasunarekin eman du ezagutzera bere burua azken urteetan hainbat irratsaiotan egindako kolaborazioen haritik. 2000. urtean kaleratu zuen «Naturaren mintzoa» izan zen naturarekiko duen lotura eta bizitzari buruz orokorrean egiten dituen gogoetak erakutsi zituen lehenengo alea. Haren atzetik, iaz argitaratu zuen «Mendiko behatokia», ildo beretik, Arantzazuko paisaiak eta mendiko izaera bizietatik eratorritako testuak biltzen dituena, haietako asko «Berria» egunkarian duen blogetik eta «Arantzazu» aldizkarian idazten dituenetatik berreskuratutakoak.

Esan daiteke «Harkaitzen magalean» (Alberdania) trilogiaren hirugarren alea dela, eta hala da. Baina ezin esan Pello Zabalak sortutakoa trilogia soila denik, aurrerantzean ale gehiago kaleratzeko nahikoa material biltzen ari dela aitortu baitzuen atzo Donostian egindako aurkezpenean.

Kasu honetan, 2008 eta 2009 artean sortutako gogoetak biltzen dira, dietario moduan hauek ere, gizarte gaiak, txikitako oroitzapenak eta naturarekiko lotura berresten duten testuak bildu dituelarik.

Zabalak «plazer estetiko bat» eskaintzen duela nabarmendu zuen Inazio Mujika editoreak, eta nahiz eta prosan idatzita egon, «poetika berezia» duela iritzi zion, «oso berea eta identifikagarria».

Zabalaren aburuz, Arantzazuko paraje naturalean beti ikusten du zerbait berezia, eta hango patxadak asko laguntzen ei dio bere gogoetetan. «Bariazioak asmatzen ez dago natura bezalakorik. Udaberri guztietan era desberdinean janzten da, eta udazken oro era ezberdin batez erantzi», esan zuen.

Natura eguraldiaren ikuspuntutik begiratzen duela onartu zuen, eta elementu horien peskizan ibiltzeak gauza berriak ezagutzera eramaten zaituela ohartarazi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo