GARA > Idatzia > Kultura

Herta Müller Nobel sariduna euskarara itzulia, Jokin Zaitegi sariari esker

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Elkar argitaletxeak eta AED Arrasate Euskaldun Dezagun kultur elkarteak Jokin Zaitegi sariaren bidez, Literatura Nobel saridunen lanak euskarara itzultzea ahalbidetzen dute. Hala, 2009an saritua izan zen Herta Müller idazle errumaniarraren «Hatsaren kulunka» eleberria euskarara itzuli du Ibon Uribarrik.

Itzulpena iragartzeaz gain, aurten saritua izan den Mario Vargas Llosaren itzulpena egiteko lehiaketan parte hartzeko epea bihar amaituko dela ere oroitarazi zuten atzo. Parte hartu nahi duenak Elkarren edota AED elkartean aurkituko ditu sariketaren oinarriak.

«Hatsaren kulunka» testu garaikidea dela azaldu zuen Uribarrik, eta aldi berean itzultzeko oso zaila suertatu zitzaiola ere esan zuen. Izan ere, Müllerrek alemanez idazten du beti, baina Errumaniako alemana erabiltzen du. Errusierako hainbat hitz ere erabili ditu, eta errusiera eta alemana nahastuz hitz-jokoak egin. Beraz, halakoak euskaraz emateko moldea asmatu egin behar izan du batzuetan, arduraz, esanahian galerarik izan ez dadin.

Müllerrek bere haurtzaroari buruz hitz egiten du eleberrietan, zentsura, diktadura, Errumaniatik ihes egiteko asmoa... Lan honetan, esaterako, Bigarren Mundu Gerra ondoren, sobietarrek jatorri alemanekoak lan esparruetara erbesteratu zituztenekoak kontatzen ditu. Baina «Hatsaren kulunka» ez da Müllerren lana bakarrik, Oskar Pastior poetaren laguntza izan baitzuen, 2006an hil zena, eta bost urte igaro zituena halako esparru batean.

«Testua oso berezia da estilo aldetik -azaldu zuen Uribarrik-. Estiloari eta idazkerari garrantzi handia ematen dioten horietakoa da». Eleberri honetan prosa lirikoa erabiltzen du eta horregatik kritika latzak jaso ditu Alemaniako ezkertiar joerako egunkari eta kritikarien aldetik, historia azaltzeko edertasunera jotzean xamurtu izana aurpegiratuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo