Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi» Idazlea
Euskararen egoeraz
Ez da egia, faltsua da, euskaldunon leialtasuna txikia dela. Estatistikek eta kalkuluek erakusten dute hori. Euskaldunok, ahal dugunean, maiz erabiltzen dugu euskara geure artean
Lehendabizi hau kontuan hartu beharra: Euskal Herri osoan gertatzen ari dena, eskualdez eskualde, alorrez alor.
Bestela, irizpide faltsuak moldatuko ditugula.
Eta, jakina, bi izaritan egin behar da ikerketa. Alde batetik, corpus-aren egoera, eta bestetik, status-aren egoera.
Corpus-ari dagokionez, gure hizkuntzak urrats handiak egin ditu azkeneko urte hauetan.
Nahiz hizkuntza mintzatuari dagokionez, oraindik makal agertu.
Euskaltzaindia bera, bide desegoki bat eman beldur, ez da ortoepia egoki bat proposatzen ausartzen.
Hots, arazo larria da, batez ere, azentukeraren alorrean.
Auzoko bi hizkuntzen eraginez, interferentziak gero eta sarkorragoak dira; bai Ipar Euskal Herrian, bai Hego Euskal Herrian.
Baina, noski, eman beharreko urratsak ikerketa xehea eskatzen du. Eta honek eginkizun pisua dakar.
Euskal irratiek eta telebistek eragin handia dute euskal gizartean. Eta, askotan, moden eraginez, ahoskera erdaldunduak eskaintzen dituzte.
Halaz ere, corpus-aren egoera ez da arazo nagusia.
Arazo nagusia, hain zuzen, status-aren mailakoa da.
Hasteko, Nafarroa Garaiko agintariek mespretxuz, gorrotoz, jokatzen dute lingua navarrorum dena, nabartarren hizkuntza, honetxen aurka .
Eta hiru Provincia Vascongadetan ere, oraingo agintariak gehiegitan at daude, arrotz, euskal mundua ezagutu ere egiten ez dutelako.
Bestetik, ideia faltsuak hedatzen dira. Esate baterako, sozialki euskarak daukan egoera txarra, gu euskaldunon errua dela. Gure «utzikeria» dela gakoa.
Halaz ere, datu soziolinguistikoek garbi erakusten dutenez, euskara erabili ezinaren arrazoia erdaldun elebakarren errua dela.
Beren inguruan, abertzale omen direnek (edo areago, kolore guztietako unionistek) espainiera eta frantsesa inposatzen digutelako.
Oraindik batzuk harritu egiten dira erabileraren kota ezaguerarena baino apalagoa dela ikusteaz. Hots, matematikoki gizarte elebidunetan hori gertatzen da.
Bestalde, non dago «eskubide pertsonalen» bidez bere hazkundea lortu duen hizkuntza minorizaturik?
Eta hori teorian bakarrik.
Zeren eta Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa Garaiko eskualde zabaletan ez baitago legezko «eskubide pertsonalik» ere.
Halere, badakigu, edo jakin egin behar genuke, hiru faktorek markatzen dituztela euskararen mugak:
1-Ezaguera maila minimotik behera, ezinezkoa dela euskarak beharrezko maila lortzea. Alegia, erdaldun elebakarren maila jaitsi behar dela, derrigorrez. Eta horrek prezio politikoa duela.
2-Ez dela egia, faltsua dela, euskaldunon leialtasuna txikia dela. Estatistikek eta kalkuluek erakusten dute hori. Euskaldunok, ahal dugunean, maiz erabiltzen dugu euskara geure artean.
3-Euskaldunon kontzentrazio geografikoa (hau da, gizarteko anisotropia) guztiz beharrezkoa dela erabileraren kota jasotzeko. Nahiz honek, berriz ere, prezio politikoa izan. Euskararen bakartasuna, edo nagusitasuna, lortzeak ondorio politikoak izango ditu. Eta badakigu. Belaxkakeriak ez daramate inora kasu hauetan. Egia ikusi behar da, eta garbiki esan herriari: politikari maltzurrak eta ezjakinak salatuz.
Horra hor, labur-laburki, euskararen egoeraz nik azpimarratuko nituzkeen puntuak.