Eskubide politiko eta zibilen defentsan, manifestazioa deitu dute gazte eragile ugarik
«Paper garrantzitsua dugulako herri honen orainean eta geroan, eskubide guztien defentsan, gazteria inplikatzeko konpromisoa hartua daukagu», esan zuten atzo astelehenerako manifestazioa deitu duten eragileek. Inplikazio eske, mobilizazioan parte hartzera deitu zuten.
Gari MUJIKA
Datorren astelehenerako, abenduak 6, eskubide zibil eta politikoen defentsan, hainbat gazte eragilek manifestazioa deitu dute Durangon, 17.30ean Landako erakustazokatik irtenda. «Euskaldunon eskubideak urratzen dituen Konstituzio espainiar arrotzaren egunean», eskubideen bermea eta proiektu politiko guztiekiko errespetua exijituz, mobilizazioa egingo dute eta bertaratzeko deia egin diote euskal gazteria osoari.
«Eskubide zibil eta politikoen defentsan, gazteria aurrera!» lemapean egingo den manifestazioak, hain zuzen, orain urtebete Durangon bertan euskal gazteek egindako ekimenarekin antzekotasunak dituela azaldu zuten. Izan ere, iaz 34 gazteren atxiloketak salatu zituzten Bizkaiko udalerriko kaleetan eta aurtengoan, berriz, joan den urrian atxilotu zituzten 14 gazteen aurkako sarekada salatu beharko dutela azaldu zuten. «Hamarka gazte atxilotu dituzte berriz ere, inkomunikazio aldian torturatu eta espetxeratu dituzte, euren kontrako argudio bakarra lan politikoa gauzatzea izanik», gaitzetsi zuten.
Lanean segitzeko konpromisoa
Gazte Abertzaleak, MusikHerria, Ikasle Abertzaleak, Topatu.info, Bizigay, Gazte Independentistak, Elkarlanak, Alternatiba Gazteak eta GaztEHerriak deitutako mobilizazioaren aurkezpenean, gogora ekarri zuten urte luze honetan «ziklo berri bat eraikitzeko» pauso ugari eman direla, eta egindako urrats berri horietan gazteria aktiboki lanean aritu dela.
«Eskubide zibil eta politikoen bermearen aldarria izan da konponbiderako norabidean, indar gehien harturiko exijentzietako bat», azaldu zuten, eta norabide horretan gazteek aldarrikapen horiek Europara eraman dituztela ere gogorarazi zuten.
Gazteek jardun politikoan aritzeko zilegitasun guztia dutela oroitarazi zuten; «proiektu guztiak aukera eta berme berberekin aurrera eramateko eskubidea daukagula ozen oihukatu dugu». Aitzitik, erantzun gisa errepresioa jaso dutela salatu zuten, baita hainbat galdera egin ere. «Arriskutsuak omen garelako atxilotzen gaituzte. Baina egoera ikusita, zein da benetan arriskutsua? Zein da eskubideak urratzen dituena? Zein da mehatxatu, jipoitu eta torturatzen duena? Gu ez!», gaitzetsi zuten.
«Lanean segitzeko asmo sendoa» dutela ziurtatuta, gazteriaren konpromisoa nabarmentzeko eta eskubideen aldarrikapena lehen lerrora eramanez, manifestatzera deitu dute. Hitzordua, Durangon, datorren astelehenean, hilak 6, 17.30ean.
«Eskubide zibil eta politikoen defentsan, gazteria aurrera!» lemapean egingo da astelehenean, abenduak 6, gazte eragile ugarik deitu duten manifestazioa. Mobilizazioa 17.30ean hasiko da Landako gunean.
Eremu eta sentsibilitate ezberdineko gazte eragileek deitu dute manifestazioa: Gazte Abertzaleak, MusikHerria, Ikasle Abertzaleak, Bizigay, Topatu.info, Gazte Independentistak, Elkarlana, Alternatiba Gazteak eta GaztEHerria.