GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Aspaldiko albisteak berriak direnean

Horrelako ospakizuneratako gonbita jasotzen duten diplomatikoek Burnsen antzera jokatzen badute, ez ote da antzeko txostenik izango, demagun, Osama bin Ladenek, AEBen lagun minak zirenean, gonbidatu zituenekoa?

Propaganda hutsez elika dadin ohitu duten gizaterian soilik uler daiteke taxuz Wikileaksek helarazi digun azken dokumentu zakukadaren aurrean gertatzen ari dena. Alde batetik, hedabideek -filtrazioaren «onuradun» izan direnek bereziki, esango nuke- sinetsarazi nahi digute inoiz inon ikusi ahal izan den sekretu-uholderik handienaren aurrean gaudela. Bestetik, ordea, albisterik potoloenak bederen irakurtzen saiatu ondoren, batek ez du haietan ia ezer aurkitzen ezustekorik. Aldez aurretik neurea bezalako adimen ez oso jantzi -ezta oso gaizki-pentsatu ere- batek igartzen zituenen oso antzeko kontuak aurkitzen baitira paper horietan. Eta ez dira atzo goizeko kontuak, gehienetan.

Non daude aparteko albisteak? Orain enteratu ote dira ba Teherango agintari xiiak Golkoko erresuma suni atzerakoienak, Saudi Arabia aitzindari dutela, Ameriketako Estatu Batuak xaxatzen aritu direla etengabe Iran bonbardatzeko erabakia har dezaten? Egiptoko edo Turkiako agintariek ez ote zuten orain arte susmatzen zein kezkaturik dauden Washingtongo nagusiak herrialde horien etorkizunarekin? Ezustean harrapatu ote ditu Berlusconi, Gadafi, Sarkozy, Merkel, Zapatero eta gisako guztiak Inperioaren missi dominici-ek beraietaz duten iritzi pattalak? Tira!

Ez dut esango -gezurra litzateke-eta- interesik gabeak iruditu zaizkidanik AEBetako Estatu Idazkaritzak urteen joanean ekoitzi eta pilatu eta orain Wikileaksek kaleratu dituen paper horiek. Gustura eta arretaz irakurri ditut batzuk behintzat. Baina «informazioa» dei genezakeena baino askoz gehiago testuinguruaren ulerpiderako lagungarriak, askotarikoak eta eite desberdinekoak aurkitu ditut. Horrek ere badu bere xarma, bai. Besterik ez bada, antropologikoa.

Eredugarria da, ikuspegi horretatik, Burns izeneko funtzionario saiatuak 2006an Dagestanen Gadzhi Makhatxev jauntxoaren semearen ezteietan gonbidatua izan ondoren idatzi zuen 3.300 hitzeko memoranduma. Lehen mailako hedabideetan ere kaleratzen dira hamaika erreportaje kaskarragoak, eta okerrago idatzita. Hasiera antologikoa da (Dagestani weddings are serious business); eta Ramzan Kadirov, Txetxeniako jaun eta jabe eta egungo munduko kriminalik handienetako batek, ezteietara egin zuen agerraldia profesionaltasun diplomatiko osoz kontatzen da. Hau da, pertsonaiarenganako higuin izpirik islatu gabe. Politikoki, ordea, zertzelada bakanak baino ez ditu ateratzen ahal irakurleak.

Litekeena da, halere, galdera batzuk bururatzea irakurketa amaitzean. Adibidez: horrelako ospakizun sozialetarako gonbita jasotzen duten diplomatiko estatubatuar guztiek Burnsen antzera jokatzen badute... ez ote da antzeko txostenik izango, demagun, Osama bin Ladenek, edota haren ingurukoren batek, AEBen lagun minak zirenean, gonbidatu zituenekoa? Horrelakoek, badira -eta apustu badirela-, Top Secret xedatuta egongo dira. Oraingoz ez da agertu halakoen berri emango digun Bradley Manningik.

Benetako informazioaren ordez txerri-jan kontrolatu, antzutu eta ideologizatua soilik jasotzen ohitu gara. Eta benetakotasun pittin bat duen zerbait, zaharra bederen, heltzen zaigunean...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo