GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Porrota saihesteko, porrot handiagoa

Porrot» hitza edonor beldurtzeko modukoa da, baina Europan badira zenbait estatutako gobernu porrot ekonomikoa saihesteko porrot handiago baterantz abiatzeko prest daudenak. Gaur GARAk argitaratzen duen analisiak azaltzen duenez, egoera ekonomiko ahulean dauden zenbait herrialdetako gobernuek krisialdian enpresariak eta banku jabeak salbatzea lehenetsi zuten eta, horretara, galera pribatuak publiko bihurtu zituzten. Irlanda horren adibide argia da, eta Estatu espainiarrak bide berberari jarraitzen dio. Europar Batasunak egoera horri aurre egiteko eskaintzen dituen «erreskateak» eurekin daramatzaten baldintzak, alegia zorrari aurre egiteko neurriak, zergak igotzea, gizarte laguntzak eta langileen eskubideak murriztea dira, hazkunde ekonomikoa sustatzen ez duten neurriak hain zuzen; aitzitik, hazkundea eragozten dute eta. Horren ondorioz, diru-sarrera gutxiago izanda, «erreskatatutako» herrialdeek are zailagoa izango dute zorrari aurre egitea. Hala eta guztiz ere, haietako gobernuek herstura aldarrikatzen duten bitartean, enpresariei laguntzak ematen jarraitzen dute. Egoera hori ez da natur fenomeno baten ondorio, ordea, politika ekonomiko jakin baten ondorio baizik, oparoaldian bakan batzuen mesedetakoa eta krisialdian areago, haien porrota herritar guztien porrota bihurtu baitute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo