GARA > Idatzia > Kultura

Hogei preso politikoren literatura eta margolanak argitaratu ditu hamargarrengoz «Ataramiñe»k

Euskal preso eta iheslari politikoen hamargarren «Ataramiñe» literatura koadernoak hogei presoren poesia, bertso, idatzi zein irudiak biltzen ditu eta, gehienek, kartzelan jasotako bisitak hartu dituzte gaitzat.

p041_f01_96x88.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

«Ataramiñe'10» euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoa atzo eman zuten argitara. Hogei presoren lanak bildu dituzte, urtero idatzi izan dutenenak, baina baita lehenengo aldiz parte hartzen dutenenak ere. Aurtengoan aipamen berezia egin diote joan den otsailean zendu zen Jon Etxeandia preso ohiari, atzeko azalean bere argazkia eta aipu bana jarriz. «Sustraietatik bultzatzailea izan dugu eta hau da bera gabe egiten dugun lehenengo aurkezpena. Bere bizitza ibilbideak irakaspen ederrak utzi dizkigu. Berak bizitza duintasunaren aldeko borroka iraunkor gisa ulertzen zuen eta horren adierazle dira utzi dizkigun testu eta idazkiak. Burkidea izan dugu. Eta, bere omenez isilune bat eskatu ordez, bide honetan aurrera jarraitzea litzateke gure eskakizuna», esan zuen Amaia Urizarrek. Berak eta Mitxel Sarasketa preso ohiak aurkeztu zuten atzo «Ataramiñe»-ren azken argitalpen hau.

Urtetik urtera liburu hau osatzea gero eta zailagoa zaiela azaldu zuten. «Herri honetan, literatur lanak kartzeletatik datozenean, kontrabandoko produktu gisa iristen zaizkigu. Askotan ematen du elementu deliktiboak ere badirela. Errepideetan bertan egiten diren kontroletan, poliziak besterik bilatu beharrean paperak bilatzen ditu. Bestela ere, presoen gutunak, jendea atxilotzen dutenean, delitu elementu zerrendetan agertzen dira. Epaiketetan ere, jendea zigortzeko ondasunen artean presoen gutunak zituztela aipatu izan da», esan zuen Sarasketak.

Liburuak poesia, prosa, bertsoak eta margolanak biltzen ditu. Azken hauek pisu nabarmena dute eta zuri-beltzean nahiz koloretan, lan ederrak aurki daitezke. Gaien aldetik, bisitak eta kanpoaldearekiko komunikazioak landu dituzte gehien. «Horrek zer pentsatua eman digu. Ez da egia kartzela eta kalea bi mundu direla. Bakarra da, baina zigor eremu bat sortu da bertan. Atearen beste aldean gertatzen dena hemen dago».

Bihar, Iruñeko La Hormiga Atomika liburu-dendan Mikel Orbegozo presoaren «Preso nago» komiki liburua aurkeztuko dute 11.30ean. Bi lanak Durangoko Azokan izango dira eskuragai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo