GARA > Idatzia > Kultura

«Denbora vs kantuak» diskoa kaleratu du Keu Agirretxeak, akustikoan, etxean grabatutakoa

p040_f02_97x96.jpg

O. LARRETXEA | DONOSTIA

Disko hau grabatzerako orduan denboraren neurriak «ezinbesteko garrantzia izan du», adierazi zuen atzo Ondarroako musikariak Donostian. Keu Agirre- txeak ez zuen lana amaitzeko korrika eta presaka ibili nahi; hasieratik argi izan zuen patxada eskatzen zuen proiektua zela. Hamar hilabeteko grabaketa lanen ostean kaleratu du akustikoan egindako «Denbora vs kantuak» (Gaztelupeko Hotsak) diskoa. «Urtarrilean hasi nintzen -azaldu zuen-, hilero-hilero abesti bat eginez, iragandako urrian amaitu nuen arte».

Grabaketa estudioetatik urruntzea hautatu zuen abeslariak eta lanaren zatirik handiena etxean egin du. «Oso erosoa izan da hala egitea, presioetatik urrun -zioen-. Emaitza oso naturala izan da, apaingarririk gabekoa, umila».

Prozesu horretan noiz edo noiz etxetik atera izan da, estudio txikietan kanturen bat grabatzeko. Lan honetako bost abestiren hitzak bereak dira, baina gainerakoak egiteko laguntza izan du. Zehazki Kirmen Uribe, Aiert Goenaga eta Mikel Etxabururenak. Musikari dagokionez, Agirretxeak berak konposatu ditu guztiak.

Akustikoan grabatutako abestiak «istorio txiki eta politez» hitz egiten dute, hala ere lana definitzerako orduan zailtasunak izan zituen, eta Agirretxea ez zen gai izan. Aurrekoarekin ezberdintasunik badu, ordea, besteak beste, oraingo honetan ez dagoela gitarra elektrikorik eta beste musika batzuekiko erreferentziak topatzea zaila izango dela.

«Denbora vs kantuak» diskoarekin batera, Keu Agirretxek lehengo urtean Durangoko Plateruenan Mikel Arakistain baxu jotzailearekin batera eskainitako kontzertu akustikoa biltzen duen DVD dator.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo