Xabier Izaga, Irakaslea
Eguna (letra larriz)
Atzo Nafarroaren Eguna izan zen. Nafarroako Aberri Eguna...? Edonola ere den, ez dut inoren autonomia erkidegoaren kontu edota ospakizunetan muturra sartzeko asmorik (no tengo intención de inmiscuirme en los asuntos y celebraciones de una comunidad ajena, así que no se me altere, señor Sanz).
Halaber, atzo Euskararen Eguna ere izan zen (¡qué pesaos! Eskerrak urtean behin baino ospatzen ez den...). Hitz egin dezagun, bada, euskaraz. Euskaraz eta euskararen gainean.
Gure erakunde publikoetako arduradunak, lehengoak bezala oraingoak ere, pozik eta gogobeterik agertu ohi dira euskararen egoerak izandako bilakaeragatik. Atzo, gainera, lehendakariak esan zuen que el euskera no es patrimonio de nadie, que es de todos. Sekula ez dut halakorik pentsatu, baina egia da. Munduko aberastasunak bezala (baina alderantziz); horiek ere denonak dira, bakan batzuek baino erabiltzen (birrintzen) ez badituzte ere.
Lehendakaria euskara ikasten ari da. Lehendakaria izango ez balitz, ez luke zertan ikasi (eta lehendakaria izanda ere ez, baina hor dabil, con dos cojones). Eta gainerakook lasai, gure ordezkari politikoek ikasten duten bitartean, guk ez dugu-eta ikasi beharrik, batzuek badakigulako, batez ere euskaldun petoek (ze euskera ikasi ber diat nik, ba, etxen ez baitegu besteik eitten...? Literatura txarra letzeko, bazekiat kastillanoz), baserritarren antzera euskara ezin hobea egiten dutenez, analfabetoak izateko eskubide osoa dute. Kontuz, ordea, ez naiz baserritarren euskara ez baserritarrak larrutzen ari, ezta hurrik eman ere, horiek izorratzea dagozkion sail edo ministerioen ardura da eta. Eta besteek ez dutelako behar (a mí que no me jodan, que aquí to cristo se entiende en castellano).
Koldo Izagirrek lehengoan «Autopsiarako frogak» bere saiakera aurkeztu zuenean, esan zuen euskal idazleek gero eta gehiago idatzi beharko dutela euskararen gainean; barkatu, euskararen inguruan (jaitsiko naiz). Eta nik hor nonbait irakurrita daukat euskal idazlea naizela. Hona aurtengo saioa.
Azkenik, nire eguna (ezen ez urtebetetzea) ere izan zen atzo. Zorionak Xabier! Eskerrik asko. Ez duk ezer. Bai, baduk... Ezetz, gizona. Baietz... Ondo; horrenbestez, bazkaltzera gonbidatuko nauk... Tira, egia esateko, ez duk horrenbesterainokoa izan.