Aire kontrolatzaileen proportziorik eza
Aldez aurretik inork ohartarazi gabe, bat-batean, Loiuko aireportuan ehunka, milaka lagun pilatu ziren atzo arratsean, aurreikusitako hegalaldia egin ezinik. Kolapso berbera gertatu zen Estatuko beste aireportu batzuetan, eta Estatuko aire eremu gehiena itxita zegoen. Noiz eta zubiaren hasieran. Horren kausa, hainbat aire kontrolatzailek lana utzi izana. Baja masiboa izan omen zen, inongo sindikatuk, inork ez baitzuen grebarik deitu.
Izango da aire kontrolatzaileen atzoko lanuztea langileen eskubidea dela uste duenik. Halere, lanuzte hori ez zen protesta deialdi baten ondorio izan, hegazkinak kontrolatzen dituzten hainbat langilek ondoezik zeudela esanda utzi baitzuten beren lanpostua. Gero, ordea, aire kontrolatzaileen USCA sindikatuak esan zuenez, kontrolatzaileen jokaera bat-batekoa izan zen, estresaren ondorio eta atzo Gobernu espainolak onartu zuen aireportu-eredu berria dela-eta. Baja masiboa protesta egiteko. Grebak eta lanuzteak langileen eskubidea direla argi utzita ere, onartezina dirudi kontrolatzaileek herritar arruntentzat horren ondorio kaltegarriak dituen ekintza egitea, kontuan izanda langile horien egoera ez dela, inondik ere, larria; ez dute lanpostua jokoan, ezta bizirauteko soldata lortzeko presioa egin beharrik ere. Langile guztiek bezala badituzte beren eskubideak, jakina; hala ere, haien egoeraren eta kaltetzen dituzten gehienei eragiten dieten egoeraren artean dagoen proportzionaltasunik eza nabarmena da.
Gobernu espainolak, krisi kabinetea bilduta, egoerari aurre egiteko hartu behar zituen neurrien zain, onartezina dirudi, halaber, behin eta berriz, greba deituta zein ez, aire kontrolatzaileei duten botereaz baliatzen uzteak. Are onartezinagoa beste askotan eta askoz arrazoi sendoagoekin, langileen grebak deituta daudenean gutxieneko zerbitzuak haien eragina gutxitzeko erabiltzen dituen Gobernua izanda.