aizkora
Izarran abiatuko da Urrezko lehiaketa
Jon LEUNDA I
Binakako Urrezko Aizkora hastera doa, eta lehen ekinaldia bihar bertan jokatuko da Araban, Izarrako pilotalekuan (12.00etan). Mujika eta Otaegi Nazabalen eta Jauregiren aurka lehiatuko dira. Arriak eta Rekondok osatzen dute B multzo hau.
Nazabal bertan izateak indarra ematen dio, baina neurketa zaila izango dute Mujikaren eta Otaegiren aurka, azken hauek sasoi betean baitaude, Euskal Herriko Txapelketan erakutsi zutenez. Nazabalek eta Jauregik, beraz, lana beltz egin beharko dute garaipena lortzeko.
Etzi izango da hurrengo saioa, Lizarran, 12.00etatik aurrera Remontival pilotalekuan. Bertan, Lopez eta Erasun Senosiain anaien aurka lehiatuko dira. Saio estua izango da hau ere, nahiz eta zaleen gusturako Lopez eta Erasun aterako diren faborito. Norgehiagoka hau C multzokoa izango da. Lan labur eta azkarrak egin beharko dituzte, iraupen probarekin amaitzeko. Lan guztietako denborak batu eta onena duenak irabaziko du.
Bestalde, Goizuetan Nafarroako Bigarren Mailako finala jokatuko da bihar, 12.00etatik aurrera. Bertan, joan den abuztuaren 22an txartela lortu zuten bost aizkolari lehiatuko dira: Kañamares III.a, R. Saralegi, Senosiain II.a, Erdozia eta Xabier Mindegia. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu beharko ditu. Lehenengo biek datorren urtean Lehen Mailan aritzeko txartela eskuratu ahal izango dute.
Txinga-eroatea
Euskal Herriko Txinga-eroate Txapelketa ere Goizuetan bertan jokatuko da igandean, 12.00etatik aurrera, aizkolarien ekinaldi berean. Bertan, Larrazabal, Perez, Zubiaurre, Agirregabiria, Sukuntza, Martin eta Thomas arituko dira. Kirolari bakoitzak 50 kiloko txingak esku banatan hartuta ahalik eta metrorik gehien egitea izango du helburu.