GARA > Idatzia > Kultura

Maiatz literatur elkarteak bi liburu berri eta urteko aldizkaria eramango ditu Durangora

Euskal Herriko idazleen lanak biltzen dituen aldizkariaren ale berria, hogei idazle gaskoin eta euskaldunen lanak agertzen dituen «Ecrivans-Idazleak» liburua eta Amaia Lasaren olerki bilduma atera ditu Maiatzek.

Ainize BUTRON |

Maiatz literatur elkarteak kaleraturiko lanen artean, urteroko literatur aldizkaria dago. 2011n elkarteak 30. urteurrena ospatuko duela-eta, 51. zenbaki aberatsa zein anitza osatu dute Maiatzeko kideek. Luzien Etxezaharreta elkarteko arduradunak nabarmendu zuenez, «denborarekin mugaz bi aldetako aldizkaria bilakatu da».

Horiek horrela, Bizkai, Gipuzkoa eta Zuberoatik datozen testuak bilduak dira bertan. Zuberoari dagokionez, zubereraz idatziriko pastoral baten testua irakur daiteke. Baina, horrekin, joan den uztailean zendutako Karmele Igartua poetari omenaldia, Ramuntxo Partarrieu margolariaren testuak, Itxaro Borda idazleak bere lantokiaren inguruan landuriko testu «poetikoak» eta Eñaut Etxamendiren idatziek osatzen dute, besteak beste, «Maiatz» aldizkariaren ale berria.

Aldizkariaz gain, bi liburu ere argitaratu ditu elkarteak. Biarnoko Per Noste elkartearekin lankidetzan, euskaraz eta gaskoiz idatziriko «Ecrivans-Idazleak» testu bilduma kaleratu du. Maiatz elkartearekin kolaboratu duten hamar euskal idazleen lanak, eta Per Nosteko beste hamar idazle gaskoinen idatziak agertzen ditu.

«Hiru urtez aritu gara horretan lanean. Bertan bilduak diren idatziek egungo idazteko era berria islatzen dute. Gaur egungo idazleek askatasun handiagoarekin idazten dute», argitu zuen Etxezaharretak.

Euskaraz eta gaskoinez idazten duten egileen arteko elkar ezagutza sustatzeko tresna gisa azaldu zuen lana Maiatz elkarteko arduradunak. «Gure xedea, esperientzia hori idazle bretoiei luzatzea da», bukatu zuen.

Amaia Lasaren olerkiak

«Itsasoko izaki» da Amaia Lasa Alegriaren lan berriaren izenburua. Luzaz libururik argitaratu gabe egon ondoren, Amaia Lasak azken urteotan landu dituen olerkiak bildu ditu Maiatzek argitaraturiko liburu berrian.

Olerkien artean, batzuk duela zazpi urte idatzitakoak dira. «Poema multzo bat duzularik argitaratzeko beharra duzu», argitu zuen idazleak. Lanari jarritako izenburuarekin itsasoarekiko duen lotura agerian jarri nahi izan du Getarian bizi den idazleak.

«Oso identifikatua sentitzen naiz itsasertzeko giroarekin. Horko izaki bat sentitzen naiz», esan zuen. Olerkien gaiei dagokienez, anitzak dira. Nikaraguan ezaguturiko emakume baten omenezko lana eta New Yorken bizi izan zelarik Harlem auzoan gertatutako esperientzia baten inguruko sentimenduak ageri dira, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo