Fito Rodriguezen «Buru ta zioak», literaturaren inguruko hausnarketak
O. LARRETXEA |
Literaturaz mintzatzeko (horixe baita liburuaren gai nagusia), literaturaz baliatu da Fito Rodriguez (1955, Gasteiz) bere azken lanean, «Buru ta zioak» (Utriusque Vasconiae) izenekoa. Literaturaz aritzeaz gain, irakurzaletasunaz ere mintzo da gasteiztarra eta, horretarako, saiakera hautatu du idazleak. Edo atzo Donostian egindako aurkezpenean esan zuen bezala, «saiakera poetikoa».
Bederatzi ataletan banatuta, lanak hiru zutoin nagusi ditu («Buru ta zioak» izenburuko hiru hitzak bezalaxe): hezkuntza, filosofia eta bertsolaritza. Hiru elementu hauek hausnarketara eramango dute irakurlea, Rodriguezek galdera asko jarri baititu mahai gainean. «`Nola landu irakurzaletasuna?' edo `Nola bihurtu literatura aukera bat inori leziorik eman gabe?'», zioen besteak beste. «Literaturan dago errealitatea, baina baita fikzioa ere, irakurtzen dugunean edukia egia bilakatzen delako». Bere aburuz, «literaturaren bidez bada moralaz kanpo pentsatzerik».
Lehen orrialdean «baga, biga, higa, laga, boga, sega, zai, zoi, bele, harma (`h'-z, Gabriel Arestik idatzi ohi zuen bezala), tiro, pun» bertso ezaguna topatuko du irakurleak eta, orriak pasa ahala, atalez atal, esku artean liburua duenak berriro egingo du topo hitz hauekin. «Bertso hauek herriarenak dira dagoeneko, bereak sentitzen dituelako», esan zuen Rodriguezek. Eta, hain zuzen horregatik, euskal kultura ezagutzea ezinbestekoa izango du irakurleak funtsa ulertzeko.
Lana Venezia, Donostia eta Geneva artean idatzi du. Hiru izen, «Buru ta zioak» bezala. Hori ere ez da kasualitatea.