Azokak gaur zabalduko ditu ateak
Durangoko Azokaren erotismoak berotuko ditu hotzak eta krisiak
Ane ARRUTI |
Anboto inguruak zuriz jantzita zirela eta errepideetako arazoei aurre egin ostean ekin zioten atzo datozen bost egunetan Landako gunean izango diren 285 standetako kideek urte osoko lanaren erakustoki izango dituzten txokoak atontzeari. Hotzari beldurrik ez diote, ordea, bertan bilduko direnek. «Kanpoan hotz giroa, elurra... baina pentsatzen dugu barruan giro beroa izango dela, beti bezala, kontuan izanda aurtengo gaia gainera erotismoa dugula», azaldu zuen atzo Azokako zuzendari Jon Irazabalak. «Zentzu horretan, azkeneko urteetako lerrotik joango da Azoka. Gure esperantza behintzat bada jendeak salmentetan eta egingo diren 160 kultur ekitalditan erantzungo duela».
Datorren asteazkenera arte euskarazko argitalpenen eta euskal gaiak lantzen dituztenen gotorleku izango da Landako gunea, tartean 505 nobedaderekin. Erotismoak gozamenaren eta plazeraren langa gorago jarriko du aurten, eta Kurdistan izango da herrialde gonbidatua, bertako dantzak, musika, literatura eta, batez ere, bizi duten egoera ezagutzeko parada eskainiz.
Aurrekontuan murrizketa jasan duen Azokari ikusi beharko da krisiak nola eragingo dion. «Jendearen poltsikoetan ere eragina du eta hori argi eta garbi ikusiko da Azokan», esan zuen Irazabalek. «Jendea, hiru liburu beharrean, agian bat erosita joango da etxera. Baina espero dugu erantzungo duela eta Azokak uztartzen dituen bi arlo horiek, ekonomia eta kultura, aurtengoan ere aurrera aterako direla».
Joxemari Carrereren «Maitasunaren arbola» ipuin-konferentzia erotikoak irekiko du Azoka 12.00etan Elkartegian. 13.00etan, EHNEk eta Erraldek Bizkaiko bildotsak erreko dituzte eta ongi-etorri dastaketa eskainiko da Landako guneko plazan. Gauean, berriz, Argizaiola saria emango zaio Imanol Urbieta musikariari.
Euskal Denda martxan da
Gainerakoak baino egun bat lehenago, atzo abiatu zen Arbaso euskal artisauen elkarteak antolatzen duen 15. Euskal Denda. Merkatu plazan izango dira asteazkenera arte eta, artisauen postuak eta lanak bisitatzeaz gain, emakumeen lana goraipatzen duten bi erakusketa ikusi ahal izango dira: «Patchwork» eta «Madera de artesanas».
Atzo banatu zituzten Artetsu sariek ere, bizitza osoa errementaritzari eta forja artistikoari eskaini dion Teresa Ibarra nafarraren lana omendu nahi izan zuten. 77 urte ditu Ibarrak eta duela berrogei sortu zuen Elgorriagan, egun Donezteben duten aroztegia senarrarekin batera. «Guztiz asebeteta», sentitzen zela adierazi zuen, nahiz eta emakume askok bezala bere lanari garrantzia kendu: «Nik ez nituen gauza handiak egiten, loreak eta lanparak... Senarrak egiten zituen besteak».
Gainerako hiru sariak Durango Irratiak, Antxon Agirre Sorondo historialariak eta Iurretako Udalak jaso zituzten, artisautza bultzatzen egindako lanagatik.
«Moroak gara behelaino artean? Arrifi herbesterauak? Uhinaren iskanbilak itsasbeheran atzean utzitako apar jadanik lehortua?». Unamunoren «Salutación a los rifeños» (1909) liburuko poema honetatik hartu du Joseba Sarrionandiak bere azken lanaren izenburua. Azokaren bezperan bertan seguru asko salduenetarikoen artean egongo den lana, «Moroak gara behelaino artean?» (Pamiela), aurkeztu zuten Donostiako Koldo Mitxelena aretoan, goiz zakarrari aurre egin zien hainbat ikusleren aurrean. Egilearen ausentziagatik -behartuta, noski, erbestean baitago duela urte asko-, Joxemari Iturralde idazleari eta Txomin Peillen euskaltzainari egokitu zitzaien lan definigaitz honen «arrastoak» azalaratzea.
«Bere biziko lana da», argitu zuen Jose Angel Irigaray idazle eta editoreak. Baina zer ezkutatzen du lan poetiko eta itxura mardula duen -700 orrialde, antza, erraz irakurtzeko- lan honek? Sarrionandiaren 6-7 bat urteen buruko lana eta, irakurri dutenen arabera, Iurretako idazleak gaur egungo une politikoan mahairatzen dituen gogoetak eta pentsamoldeak biltzen ditu: nazionalismoa, kultura... mota guztietako gaiak jorratzen ditu. Nobela historikoa hastapenean, gero entsegu bihurtzen da. Sarrionaindiaren vademecum-a, Iturralderen hitzetan. «Bidaia bat da; bidaia berezi bat. Hasi Euskal Herritik, gero munduari buelta pare bat ematen dio eta gure gaur egungo Euskal Herrira itzultzen da».
Pedro H. Sarrionandia (1865-1913) bere arbaso galduaren istorioaren haritik tiraka hasten da. Garain jaiotako mutikoa misiolari frantziskotar egin eta 1892ean Tangerrera iritsi zen. Han amazigera ikasi (berbereen hizkuntza) eta «Gramatica de la lengua rifeña» idatzi zuen. Europar potentziak Afrika tarta bat bailitzan banatzen ari ziren garai nahasietan bete-betean sartzen gaitu, baita parekotasunak bilatu, esaterako, euskaldunen eta «moroen» artean. Geruza ugari dituen lana omen da hau, energiaz betea. Iturraldek berak herrietan liburuaren inguruko eztabaidak zabaldu daitezen proposatu zuen. Amaia EREÑAGA