GARA > Idatzia > Kultura

Kirmen Uriberen hitzek eta Gariren musikak bat egin zuten Euskararen Egunean

p041_f03_97x108.jpg

GARA |

Errezitaldi musikatua eskaini zuten atzo Kirmen Uribe idazleak eta Gari musikariak Bilboko BBK aretoan, Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara. Gitarra batez lagundu zituen legazpiarrak ondarroarraren hitzak. New Yorken izaniko bizipen eta elkarrizketetan sortutako apunteak hartu zituen oinarri Uribek. «Ez da lehen aldia Garik eta biok elkarrekin lan egiten dugula. Lehen parada `Bilbo-New York-Bilbo' liburuaren gaztelaniazko bertsioa Bilbon bertan aurkeztu genuenean izan genuen. Aldi hartan ere, idaztiak eta musika tartekatu genituen», esan zuen ekitaldia hasi baino lehen.

«Neurri handi batean, AEBetan oso ohikoa den zerbait egiteko gogoa nuen: testuaren irakurketa nagusi den ekitaldia egin nahi nuen, irakurketa musikaren gainetik entzun zedila, lehentasuna idatzitakoaren irakurketak izan zezala».

«Arima baino ederragoa» deitu zuten atzoko ikuskizuna eta izen horren jatorria azaldu zuen Uribek. «Parte hartu nuen irakurketa batean, Columbiako Unibertsitateko Rafael Yuste neurobiologoa gerturatu zitzaidan eta giza burmuinaren funtzionamenduaren ezagutzan nahikoa aurreratzen ari direla azaldu zidan».

Uribek, erdi txantxetan, burmuineko gaien ikerketetan arima nonbaiten aurkitu ote zuten galdetu zion orduan. «Ez, arimarik ez dugu aurkitu -erantzun zion-, baina gauza ederragorik bai. Giza-garuna arima baino ederragoa da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo