GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hamabost lagun zauritu zituen Poliziak Donibaneko ongi etorrian

Iragan ostiralean Araitz Amatria eta Sergio Boada presoei Iruñeko Donibane auzoan egin zieten ongietorrian, Polizia espainolak gogor egin zuen bertan bildu ziren dozenaka bizilagunen aurka. «Abisurik eman gabe» eta «oharkabean» ekin zioten oldarraldiari poliziek, lekukoek esandakoaren arabera; ondorioz, hiru lagun ospitalean artatu behar izan zituzten eta beste hamabiri ere ubeldurak eta zauriak eragin zizkieten. Baliteke zaurituek epaitegietara jotzea.

p013_f0223814.jpg

J. ARRONDO

Azken hilabeteotan herriz herri gertatu den bezalaxe, Poliziak zapuztu zuen Donibanen bi presoen ongietorri ekitaldia, baina bortizkeria gogorra erabiliz. Borrekin eta armen kulataz «neurririk gabe» emandako kolpeen ondorioz, hiru lagun artatu behar izan zituzten ospitalean; gizon batek zauria zuen buruan eta beste emakume batek ukalondoan zuen lesioa. Hirurak oraindik zauriak osatzen ari badira ere, ondo daude. Beste dozena bat lagunek ere ubeldurak eta zauriak dituzte oldarraldiaren ondorioz eta Po- liziaren aurka epaitegietara joko duten aztertzen ari dira. Oraingoz, datozen egunetan amnistiaren aldeko mugimenduak publikoki azaldu eta salatuko du Poliziaren jarrera eta gertaturikoaren gaineko irudiak erakutsiko ditu.

Araitz Amatria donibandarrak eta Sergio Boada añorbearrak ostiralean utzi zuten espetxea, bi urtez behin-behineko kartzelaldian egon ondoren; Polizia espainolak atxilotu zituen 2008ko urriaren amaieran, ETAko kide izatea leporatuta. Iluntzean iritsi ziren biak Iruñera eta dozenaka lagun, senide eta ezagun zituzten zain ongietorria emateko. Ekitaldi xumea egin zuten, lore sorta eta aurreskua tartean; guztia Polizia espainolaren begiradapean.

Ekitaldia amaitzear zela, baina, Polizia preso politikoen argazkiak eskuetan zituzten hainbat lagunengana hurbildu eta nortasun agiria eskatu zieten. Agenteei euren agiriak erakusten ari ziren bitartean, beste Polizia batzuek jendearen aurkako oldarraldiari ekin zioten, «ustekabean».

Buruan egindako zauriagatik erietxean artatu behar izan zuten gizonaren errainak GARAri azaldu zionez, kalean zegoen jende guztiaren aurka jo zuen Poliziak. Zauritua, esaterako, ekitaldia egiten ari zen lekutik gertu dagoen taberna baten kanpoaldean zegoen. Agenteek han zeuden guztien kontra egin zuten eta taberna barrura sartzea beste babesik ez zuten kolpeak saihesteko. Taberna sarreran eman zioten gizonari buruan kolpea, lekukoek diotenez, armaren kulatarekin, eta lurrera erori zen. Anbulantzian eraman behar izan zuten ospitalera.

Solaguren gogoan, Barañainen

Barañainen, bestalde, etzi manifestazioa egingo dute Karmele Solaguren errepidean hil zeneko bosgarren urteurrenean; iluntzeko seietan, udaletxetik irtenda. 2004ko abenduan, bere semea Alcala Mecoko espetxera bisitatzera zihoala hil zen auto istripuz 57 urteko emakumea; senarra ere larri zauritu zen.

Urtebete geroago geratu zen aske Ekain Gerra, baina, 2007an, hil zen Iruñean, bizikletatik erori eta auto batek harrapatuta. Biak gogoratu dituzte asteazkeneko ekitaldian.

BARAÑAINEN

Dispertsio politikaren ondorioz hildako Karmele Solaguren oroituko dute Barañainen etzi. Madrilera semea bisitatzera zihoala istripuan hil zen duela bost urte. Eta atzo Altsasun 36 lagun bildu ziren presoen alde.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo