GARA > Idatzia > Kultura

Herren eginagatik, bi hankak BECen ditu Beñat Ugartetxeak

Beñat Ugartetxea mallabiarrak Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerako zuzeneko txartela eskuratu zuen atzo, Gernikan jokatu zen azken finalaurrekoan. Bera izango da atzoko saiotik abenduaren 18an Barakaldoko BECen izango den bertsolari bakarra, gainerako guztiak puntuen araberako sailkapenean, kanpoan geratu baitziren.

p059_f01_250x132.jpg

Ane ARRUTI | GERNIKA

Ilunpeak hartu zuen atzo arratsaldean Gernika. Haize ufada batek argirik gabe utzi zuen herri osoa, baita azken finalaurrekoa jokatu behar zen Jai-Alai pilotalekua ere. Ordu erdi batean hotzez eta iluntasunean itxaron ostean eta antolakuntzaren erantzun azkarrari esker, argi-sorgailu batzuk lortu eta 18.00ak pasatxo zirela agertu ziren oholtza gainera sei protagonistak. Ez zuten, ordea, bertaratutako 900 bat bertsozaleko multzoa guztiz berotzea lortu eta, horren erakusle, zuzenean sailkatu zen Beñat Ugartetxea bakarrik izango da BECen, 513 puntu bilduta. Abenduaren 18rako zortzikotea honakoa izango da honenbestez: Onintza Enbeita, Miren Amuriza, Beñat Ugartetxea, Etxahun Lekue, Jone Uria, Arkaitz Estiballes, Eneko Abasolo eta Peio Ormazabal.

Ugartetxeak oso saio erregularra egin zuen atzo eta hirugarren ofiziokako lanean gainerako guztiak baino koska bat gorago aritu zen. Hor lortu zuen bigarren sailkatu zen Fredi Paiarekiko puntu tartetxoa. Mallabiarra Oihana Bartrarekin aritu zen hamarreko txikian kantuan. Striper moduan biak urteetan lanean aritu ondoren, Beñat nekatzen hasita zegoen. «Oin segidu gura dot striper senean/ hain justu ointxe nago neure onenean», esan zion Bartrak eta Ugartetxearen lehenengo erantzunean garbi utzi zion: «Ba niri nahita ere ia ezin zait igo/ lehen bezala ez dut ez bero ez giro/ gaztetan tabladuan tariro tariro/ eta orain herrenka bestea ere astiro/ lanbide hau uzteko da nahiko motibo», esan zion. «Sexia ez al jatzu Beñat iruditzen/ hanka aidean eta okelak mugitzen», galdetu zion Oihanak. Beñat, berean: «Ez dugu asko lortuko Oihana horrela/ nere herrena eta gerriko okela/ zure titiak ere beherantz doazela/ kontsejua eman nahi dizut lagun bat bezela/ sasoiz erretiratzea garaipena dela».

Zortziko txikian, berriz, Paiarekin egokitu zen Ugartetxea. Fredi autoan, Beñat atsoa sartu zaio stop batean gelditu denean. Begiak itxiz gero, atsoa ikusteraino ere heldu ginen Ugartetxearen kantu xuxurlarekin. «Desbioa hartuta eroan nazazu/ makilarekin hartu gura ez badozu», Gernikara joan nahi izan zuen. Fredik, Durangora parrandara: «Rotondan bueltaka hasi behar dot nik hegan/ eta jaurtiko zaitut kañoi baten eran».

Gorka Ostolazak eta Joseba Artzak ere bertsoaldi polita osatu zuten zortziko txikian. Gernikarrak izanik, Madrilera joan eta Piccasoren koadroa lapurtzeko konbentzitu zuen Josebak Gorka. «Baina hona iritsi gara egin dizut kasu/ zure plan maestroa esplika ezazu», galdegin zion Ostolazak. «Joder, Potxis, erditik apurtu ezean/ hau ez da kabituko nire C-15 (quince)an», Artzak. «Pentsatu azkar zeozer problemak ahaztuta/ ez dugu ta eramango lepoan hartuta», berriro galdera eta, ondotik, plan aldaketa: «Tamainua dala ta gaude apuruan/ Velazquezen bat ostu beharko da orduan».

Ospitalera bidean

Kartzelako gaiak ospitalera bidean jarri zituen bertsolariak. «Arin zoaz, arnasari eutsi ezinda». Paiak amari kantatutako lana dotorea izan zen, batez ere, bigarren bertsoa: «Azken astean gradutan gora joan jako kalentura/ eta a zer abentura/ zaharrek beherantz egiten dabe azarotik abendura/ UBIan dago urgentzietan erizain guztien duda/ nire barne arrenkura/ baina azkenik zenbakia jakin eta heldu naz lekura/ nik gehien maite dodana hemen dau iritsi naz infernura».

Ugartetxeak alaba zuen koma egoeran istripu baten ostean. «Kotxea hartu ta itsumustuan etxetik hor dugu alde/ geuri berdina pasatu ahal zaigula pentsatu gabe», bukatu zuen bigarrena. Artzak, berriz, hiltzear zegoen aitonari: «Hamabost egun haserre daramat berarekin/ eta larri omen dago denean omen du min/ iloba badoa eta eutsi apur bat Fermin». Ostolazak aita zuen larri: «Aitan azkenan lekuko/ egoerai ezin ein uko/ baina frenatu ein beharko dut kolpera ez naiz helduko/ eta bidean neu hiltzen banaiz ez dut ezer konponduko».

Bartra, bakarrik joan zen haurra izatera: «Ospitalerantza noa baina ez dakit norengana/ bakarrik amaituko dot bakarrik hasi dodana». Enbeita antzera, baina dagoeneko emaztea ospitalean zuela: «Kotxean neure maleta hartuta zenbat estres zenbat neke/ nahikoa trankil pasatu doguz bederatzi hilabete/ seme maitea beste apur bat be re gaur itxaron zeinke».

Enbeitak kartzelako puntu erantzunean asmatu zuen ondoen. «Intimidade gitxi daukagu sarean» puntuari honela erantzun zion: «Datu danak ipinten doguz ta parean/ inkonzienteak gara askotan geurean/ ikasiko al dogu egunen batean».

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo