GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Ainara Maia Urrotz Brno (Txekia)

Non hago, Oiartzungo olerkaria?

Maiteminez. Minez eta isilik, negarrik gabe sortu nintzen mundura, eta geroztik iluntasunerako joera izan duen bitxilore bat gehiago izan naiz lurrean, ainara beltz bat zeruan. Sufrituz eta nekez erditu nintzen amaz, eta bizirik atera nintzen erdibitze hartatik.

Miraria izan zen! Geroztik, poetisa hau egiten eta osatzen joan da, bere bakardadean eta aspaldian bere poeta gogokoenaren, Xabier Leteren, esaldia buruan: «ai poeta poeta, gogorra izanen duk hiretzat askatasunaren eguna!».

Eta joan zaigu neguaren atarian hegan libre Xabier Lete, niri igande honetako egunsentian eskuak izozturik utziz. Zeruan irudikatzen dut kantari, ilargi berriko gau ilun honetan irribarretsu Lurdes Iriondo ikusi duenean, eta abegitsu hartu dute bertso zaharrak kantatuz Julen Lekuonak eta Mikel Laboak.

Hark ere, Mikelek, hain juxtu duela bi urte garai berean utzi gintuen, eta euskal kantari handiak izarren hautsez zipriztindu gintuen lurrean. Geroztik izar poetikoek argitzen dute ilargi berriko gau iluna.

Bereziki zoriontsu egiten dit keinu hilargi batek, aita zenak ere duela zortzi urte bat egin baitzuen lurrarekin, eta hura ere bertsoka eta kantuka arituko baita haiekin batera. Ez dok Amairu, ez dok malefizio eta euskal(kanta)gintza aitzina doa beti!

Maiteminez eta eskuak hotz oraindik, nire olerki-liburua egotea nahi nuen aurtengo Durangoko Azokan, eta horretarako Susara, Alberdaniara eta Pamielara igorri nituen nire olerki-bilduma desberdinak. Amesten nuen Xabier Leterekin begietara begiratuz solasalditxo poetiko bat edukitzea, gure poema-liburuez mintzatzeko, amesten bainuen hark nire olerkiak irakurri izana. Dirudienez, ametsak ez betetzeko sortuak dira, ametsen mundukoak baitira eta ez mundu honetakoak.

Aurten poz eta zorion gutxi izan ditut, 2010a galera handien urtea izan baita, baina erraten dute urte txar baten ondorengo urtea bikaina izaten dela. Hala bedi!

Sinesten dut ni ere noizbait hilko naizela eta lurrarekin bat egingo, baina sinesten dut oraindik ere mundu honetan fede oneko gizaki onberak eta sentiberak daudela, sinesten dut maitasun inkondizionalean eta sinesten dut Abbat lagunaren «poeta» izaera desagertu ez dela.

Sinesten dut Olentzerorengan, nahiz eta iazko Eguberrietan eskatu niona ez eman, bai baitakit arras lanpeturik dabilela beti. Beharbada aurten emango al dit iaz eskatu niona?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo