GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | Independentziaren aldeko Lip Duba

Musika, kamera eta ekin dantzari!

Lehenengoan eta apenas proba saiorik egin gabe. Hala grabatu da Euskal Herriaren independentziaren aldeko lehen Lip Duba. Koloretsua, baina bereziki, berdea, independentziaren eta itxaropenaren koloreaz bustita.

p004_f01.jpg

Oihana LLORENTE

Erraldoiak, dantzariak, joaldunak eta aker beltza gisako pertsonaia mitologikoak aurki zitezkeen kantuan eta dantzan, bere herriaren independentzia aldarrikatu zuten ehunka lagunen artean. Lip Dubeko protagonista berezienak, ordea, Joseba Sarrionandia idazlearen aita eta ama izan ziren.

Sarrionandiaren ihesari laudorio egiten dion Kortatu taldearen «Sarri, Sarri» abestia izan zen atzoko okasiorako aukeratutako kanta. Mende laurdena du abesti honek; izan ere badira 25 urte Sarrionandiak Martuteneko espetxetik bozgorailuetan ezkutaturik alde egitea lortu zuela. Hala eta guztiz ere, belaunaldi guztiek ezagun duten abestia da honakoa.

Dantzatzeko moduak aldatu diren arren, gutxi ziren Kortaturen erara aldakak mugitu zituztenak, «Sarri Sarri» abestia ez da modaz pasa eta lehen konpasak entzunda eromena zabaldu zen.

Bildutako haur eta heldu andanen artean, ordea, ausartak eta lotsatiak topa zitezkeen. Kamera aurretik pasa eta lehen planoa eskuratu nahirik dantzan jartzen zirenak edota kameratik ihesi korrikari ekin edo bertan paralizatuak gelditzen zirenak. Baina denen ekarpena ezinbestekoa izan zen lehen Lip Duba grabatzeko.

Koloretsua izan zen atzoko hitzordua, baina bereziki, berdea. Madril eta Pariseko iturrien antzera, Landako inguruak ere berdez tindatu ziren eguerdian. Independentistak Sareak egindako deialdiari jarraiki asko izan ziren zapi berdea soinean hartu eta aurretik argazkia ateratzera animatu zirenak.

Euskal presoak Euskal Herriratzea aldarrikatzen zuten banderola ugari aireratu zituzten kamera aitzinean, baita AHTren kontrakoak edo euskal selekzioaren aldekoak ere. Nafarroako banderak eta ikurrinak ez zuten hutsik egin, eta bazen bezperako derbiaz errekuperatuta Athleticeko bandera aireratzen zuenik ere.

Orkestra musika-talde ibiltariak jarri zuen soinua nahiz eta joaldunen zintzarriak eskuratu zuten arreta. Kamera, aurrera eta atzera ibili zen, erraldoi eta buruhandien dantza eta «independentzia» hitza osatzen zuten lagunak filmatzen. Landakako tximinia eskalatu zuena ere bazegoen tartean, tontorretik ikurrin handia zabaldu zuena.

Laburra izan zen ekimena ordea, lau minutu eskasekoa; hori baita abestiak irauten duena. Ibilbidea bukatuta denak batu ziren kamera aurrean «independentzia» harrotasunez galdegitera. Primeran pasa zuten bertaratutakoek, eta behin ekimena bukatuta, gogoz oihukatutako «beste bat beste bat» esaldiak horixe frogatu zuen.

Orain itxoitea tokatzen da, edizio lanaren txanda da eta 2011ko lehen egunera arte ez dugu emaitza ikusiko. Independentzia aldarrikatzen abiatuko dugu urtea, urtarrilaren 1eko 20.11n aurkituko baitugu sarean atzo grabatutako Lib Duba.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo