GARA > Idatzia > Kultura

DURANGOKO AZOKA

Elurrak urtu eta gainezka egin du Durangoko ahotseneak

Eguraldia epeldu eta elurrak urtzearekin batera iritsi zaigu lehen betekada Azokara. Independentzia aldarria Landakoko plazan, literaturazaleak sinadura peskizan eta Ahotse- nea gainezka. Atzokoarekin, iraganeko jardun jendetsuetara bueltatu gara berriro.

p037_f05_140x128.jpg

Anartz BILBAO

Salmentak ugari edo urri, ezin esan dezakegu euskal sorkuntza krisian dagoenik, atzo Ahotseneak agertzen zuen betekada ikusita. Ez da harritzekoa, egitaraua ikaragarria izan da-eta, Ataramiñerekin hasi eta Txuma Murugarrenen emanaldiarekin bukatu.

Goizetan girotzea kostatzen zaion arren, atzo eguerdian, Jon Arretxek oholtza zabaldu zuenerako, aretoa lepo zen, liburu-aurkezle lanak bete zituen Edorta Jimenezek kontatu digunez, «oso aurkezpen ona» egin zuen-eta, eta ondoren izan zen Arantxa Urretabizkaiak ere adi izan omen zituen entzuleak. «Ahotseneak arrakasta izan du, eta hurrengo pauso bezala, ikusi beharko da irakurlearen parte-hartze aktiboagoa nola lortu, askok izango dutelako Arantxari liburuaren gaineko galderaren bat egiteko nahia, edo Goseren emanaldiaren atzetik Ines abeslariarekin solasean egiteko». Eta goizak berotzeko, gainera, «izen handiko artistak lehen orduan erakarri eta primizian kanturen bat jo edo libururen bat aurkeztea izan daiteke ideia bat».

Jimenezek berak, Rafa Rueda musikari eta lagunarekin batera lauko taldea osatu berri du «Haragizkoa» gorpuzteko -Joseba Barrenetxea argazkilariaren irudiek lagunduta eta Jaime Nieto musikariarekin batera-. «Haragizko amoreak» liburuko (Susa, 2009) olerkiak gorpuztu, kantu bihurtu eta emanaldi hunkigarria sortu dute laurek, plazarik plaza dabilena eta disko batean ere gorde dutena (Goseren standean aurkituko duzu). Ahotsenean liburu aurkezle, euskararentzat gune autonomoak sortu nahian, atzoko emanaldiaz pozik zen gizona. «Inpaktua izan da niretzat emanaldia. Ondo joan da, Rafaren kantuak gozatu egin dira -bateren bat pop kantu ezagun bilakatuko dela ziur da mundakarra-, eta emozioa agertu dugu gure ezagunak ziren askoren aurrean. Ederra izan da».

Ondoren Gose hirukoteak -lan berria argitaratzeko lagun izan dituzten musikariak pantailan zirela-, ardotxo batez topa egin eta iazko arrakasta berdindu eta aretoa txiki utzi zuen. Gustuko dute ekimena arrasatearrek, Inesen hitzetan ikusten denez. «Laster Ahotsenea Landako gunean eta liburu azoka karpan egin beharko dugu». Eta guk ikusi ez genituen arren, «Kalakan taldeak giro polita sortu du, eta publikoa kantari jarri, beraiek danborrak jotzen zituzten bitartean», adierazi digute bertan ziren bik.

Irrien klubarekin... kolapsoa

Bizardunak nafarrak ez ziren horren pozik atera. «Ez dugu oso ondo ulertu ekimena» aitortu digu Jose Mari abeslariak. «Iruñetik etorri gara, eta ordu laurden baino ez dugu-eta jotzerik izan». Antza denez, hiru taldekide baino ez ziren Ahotsenean azaltzekoak, baina parrandazale nekaezin, folk zirikatzailearen errege den talde nafarrak musikari guztiak batu eta Gor zigiluan plazaratu duten «En zugzwang» lana aurkeztera agertu ziren Durangora. «Honakoan ez dugu bertsiorik sartu eta pozik gara, kantu guztiak gureak dira-eta. Gainera, lehen diskoarekin bete genituen izan genitzakeen itxaropen edo asmo guztiak», zintzotu da Jose Mari. Orain taldea berreratzen ari da Bizardunak -hiru musikari aldatu dituzte-, eta martxoan oholtza gainean izango da berriro. Egarri den herriari ardo gorria emateko sortu zen taldeak, esan bezala, haserre baina jostari bukatu zuen jarduna, oholtza libratu behar zutela-eta, gitarrak jo eta jo karpatik atera eta atzetik eraman baitzituen zaleak.

Bizardunak jotzen zegoenerako kolapsatua zegoen Ahotsena, atean umeak zain zirela. Ez da harritzekoa, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen bisita baitzuten 16.00etan. Katxiporreta pailazo taldeak, Hamelingo txirulariak bezala, atzetik errenkadan jartzen ditu haur eta umetxoak, eta atzo ere jarduna bukatu ostean denbora mordoa eman zuten lagunak agurtu eta lanak sinatzen.

Behin giroa lasaituta, «Entzun» musika aldizkariak bere urteroko argitalpena aurkeztu zuen, Xabier Sagardiaren ahotsean, eta Bidehuts etxeko «Txinaurriak» lanari eta ikus-entzuleak txunditu zituen Mursegori bidea emateko. Eta behin ilunduta, dena musika Ahotsenean, Joseba Tapia -banda karlistarekin etorri eta Landako gunean jotzen bukatu zuten-, Keu Agirretxea, Mielotxin eta Txuma Murugarren. Ez da makala!

Ahotsenea Landakoko erakustazoka atzean kokatu da aurten, iaz bezala, bitan banatuta dagoen karpatxo batean. L hizkiaren forman, luze laburra liburuak aurkezteko gunea da -idazleak eta aurkezlea besaulkietan jarrita eta entzuleria aurrean dela-, eta ataria berriz, lauki luzea, zuzeneko musika emanaldietarako atondu dute. Gainezka egin duela esan dugu baina, izan ere, Plateruenan bertan pantailaz jarraitu daiteke bertako jarduna, baita Landako saltokian ere, beste pantaila erraldoi baten bitartez. Eta ohartzerako, etxera ere egingo dizu salto, www.durangokoazoka.com atarian Ahotsenea laukitxoan klikatuz gero.

Jimenezekin batera, Gotzon Barandiaran eta Julen Azpitartek orduak eta orduak ematen dituzte Ahotsenean, atontze zein aurkezte lanetan, goizeko 10.00etatik 20.00etara publikoaren aurrean, eta gehiago atzean. «Ordu asko dira bai, egun osoa eman behar duzu hemen, baina guk hau zoriontsu izateko egiten dugu, ondo pasatzeko» diote, ase. «Euskarazko kulturaren aldeko sentimendu bat sortu nahi dugu».

Plaza bete sortzaile

Atzokoak arnasestuka utzi bagaitu ere, oraindik eskaintza ederra du Ahotseneak gaur eta bihar. 10.30ean MusikHerriak diskoetxeko Norte Apatxe eta Sobieht proposamen musikalek irekiko dute gaur jarduna eta Txilikuren «Mitologia bilduma» lanaren aurkezpenak itxi 20.00etan. Tartean, eta denak aipatuko ez ditugun arren, Gozategi, Ken 7, Bide Ertzean edo Mikel Etxekopar musikariak eta Xabier Etxaniz Rojo, Xabier Amuriza, Asel Luzarraga edo Ur Apalategi idazleen azken lanak ezagutzeko aukera izango du garaiz bertaratzen denak. Eta bihar beste horrenbeste Jon Benito, Oier Guillan, Koldo Izagirre edo Patxi Zubizarreta idazleen lanak edo Gailur, Zain, Une, Seiren, Gatibu edo Emonen musika lanekin. Gainera, emanaldi edo lagin guztiak bideoz grabatzen dira, eta ikus-entzulea edonon dagoela ere, www.durangokoazoka.com atariaren bitartez jarraitu daitezke guztiak. Gune berean aurkituko duzue egitarau zehatza ere, gaur eta biharko ordutegien zehaztasunak nahi izanez gero.

Izen ugari dira hurrengo bi egunetan Ahotsenean izango direnak, aski ezagunak asko, eta hasiberriak beste batzuk. «Itxaron zerrendan gelditu da jendea, kanpoan. Baina inolako lehentasunik gabe, sortzaileek beraiek izan dute emanaldia osatzeko eguna eta ordua hautatzeko aukera.

Barandiaran idazlearen esanetan, «aurten solasaldietan ez da arazorik sortu, baina musika emanaldiak oso erakargarri egiten dira. Iaz hiru egun eta aurten lautan egin dugu Ahotsenea, kostu handia du eta -azpiegitura itzela darama, soinu, kamera eta beste-. Baina aurtengo erantzuna ikusita hausnarketa egin beharko dugu denok, ea datorren urterako nola bideratu». Eta horretarako oinarria sendotu beharra dugu», gehitu du Azpitartek. Kazetari bermeotarrak, «batek baino gehiagok, ezagutu berri duen musikariaz galdetu, eta Landakora jotzen du gero, diskoa erostera. Eragina dauka, bai», aitortu digu. Iaz Goseri gertatu omen zitzaion, eta aurten baita Audience taldeari ere, kasu. «Mursegok ere salduko ditu orain batzuk, seguru», diote bukatzeko, Maite Arroitajauregiren jarduna bukatu berritan. «Guztiz osagarriak dira Ahotsenea eta Landako».

Azoka bukatu eta aste pare batera, balorazio egiteko eskatuko die Ahotseneak bertan parte hartu duten artistei, zer hobetu edo indartu, eta Gerediakoekin bildu eta datorren urtekoa prestatzen ere hasiko dira. Eten baten ostean, uda ostean diru laguntzak eskatu, aurrekontuak lotu eta irailetik aurrera deialdia irekiko dute berriro. Urte osoko lana lauzpabost egunez euskarazko sorkuntzaren erdigune ezinbesteko bihurtzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo