Karmele Aierbe Muxika Ezker abertzaleko kidea
Euskara Gipuzkoako Aldundian
Pausoak ez dira nahikoak, hiru hamarkadaren ondoren, euskara ez delako Gipuzkoako Aldundiaren lan hizkuntza
Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Kultura diputatuak adierazi berri du artikulu batean hizkuntzaren etorkizuna ez dagoela bakarrik loturik normalizazio juridikoarekin, baizik, batez ere, egiazko normalizazioarekin. Eta hizkuntza baten irudia eta erabilera soziala indartzeko bide eraginkorrenetako bat da lidergo posizioan direnek erabiltzea.
Marketin instituzionalak dena ondo doala azpimarratzen du, Euskal Herrian burutzen diren hizkuntza politikek dituzten hutsuneak ezkutatzeko. Diputatuak normalizazio juridikoaren eragina ahultzen du; baina jarrera horrek Europako hizkuntzen arteko berdintasuna baztertzea eta desberdintasuna bultzatzea ezkutatzen ditu; hau da, euskararen mendekotasuna zuritzen du; eta horregatik ahalegintzen da euskararen mendekotasuna disimulatzen beste kontzeptu eraginkorren artean. Hala nola egiazko normalizazioa, hizkuntzaren irudia eta erabilera soziala.
Gipuzkoako Kultura diputatuaren artikuluak duen helburua egindako lana aditzera ematea baldin bada ere, artikuluak berak erakusten du Gipuzkoako Aldundiaren euskararen erabilera normaltzeko politika oso eskasa dela. Biztanleriaren erdia baino gehiago euskalduna izanik, Euskal Herriaren herrialderik euskaldunenean emandako pausoak ez dira nahikoak ez bide onean emanak, eta ez dago lidergorik euskararen erabileran.
Pausoak ez dira nahikoak, hiru hamarkadaren ondoren, euskara ez delako Gipuzkoako Aldundiaren lan hizkuntza. Pausoak ez dira bide onean ematen ari, erdara delako hizkuntza normalkuntzaren helburu; eta soziolinguistikak dio bi hizkuntzak jardungune bera dutenean, bat soberan dela, eta hizkuntza ahula dela galtzen dena. Bestalde, ez dago euskararen lidergorik; lidergoa, izanez gero, administrazioaren lidergoa izango da; gainerako administrazioek Gipuzkoako Aldundia baino gutxiago egin dutelako.
Bestela, nola esan daiteke, 2008an Aldundia izan dela Bikain ziurtagiria eskuratu duen herri erakunde bakarra, eta Kirol Zuzendaritzaren zerbitzuan lortu duela bakarrik? Haur eta Gazteen Zuzendaritzak 2010ean lortu berri duela, baina erdi mailakoa; eta goi mailako Bikain ziurtagiria Ogasun eta Finantza Departamentuko Erakundeekiko Konpromisoen eta Udalentzako Laguntzaren Zerbitzuak eskuratu duela bakarrik? Eta gainerako zerbitzu eta departamentuetan zer? Bikain ziurtagiria jaso duten zerbitzu guzti horietan erdaraz ere egiten da. Hori ez al da erdararen lidergoa?
Gipuzkoako Kultura diputatuak dio bide luzea dugula gure aurrean, euskarak bizitza osoa izan dezan gure eguneroko zereginetan. Ados gaude. Horregatik, euskaraz biziko den Euskal Herri euskalduna eraikitzeko ezinbestekoa da hizkuntza politika berria eta eragingarria. Gipuzkoako Aldundia lidergo posizioan da politika hori bideratzeko eta prozesua partekatzeko euskalgintzarekin, eragile soziopolitikoekin, sindikalekin, instituzioekin eta norbanakoekin.