GARA > Idatzia > Mundua

Kosovoko lehen hauteskundeak, independentzia aldarrikatuz geroztik

Serbia gertutik jarraitzen ari da Kosovon igandean izango diren hauteskundeak, aurrenekoak herrialdearen independentzia aldarrikatu zenetik. Gertutik, baina joko zelaian eragina izateko ahalmen gutxirekin. Independentisten aldeko lehia politikoa bizi baita estatu berrian.

GARA

Kosovoko behin-behineko presidenteak, Jakuq Krasniqik, dei egin die alderdi politikoei, etzi amaitzen den hauteskunde kanpainan «gorroto mezuak» ez zabaltzeko ahalegina egin dezaten.

Izan ere, tentsioa da nagusi bi alderdi nagusien artean. UÇK erakunde armatuaren baitatik sortu zen PDK eta Ibrahim Rugova zenak eratu zuen LDK alderdien arteko tirabirak gero eta sakonagoak dira.

Hashim Thaçi gerrillaburu ohi eta lehen ministroaren PDK alderdiak Kosovoren iparraldea Serbiari uzteko asmoa duela aurpegiratu dio LDKri. Iparraldean, Kosovska-Mitrovica inguruan hain zuzen, serbiar gutxiengoa da nagusi.

LDK-k ukatu egin du salaketa hori eta Thaçiren alderdiarekin ez duela gobernu-akordiorik sinatuko agindu du. Bi alderdiok Gobernua osatu zuten pasa den irailera arte, baina bien arteko harremanak tenkatu egin dira.

Pristinako alkatea den Isa Mustaphak hartu du LDKren agintea, eta adituek diotenez, hiriburuko Udalean hartu duen ospeaz baliatuz, emaitza onak atera ditzake alderdi independentista baina «moderatuak».

Mustaphak berak argi du estrategia, eta «politikari zuzenez eta akatsik gabekoez osatutako gobernua eratuko» dutela agindu du, Thaçiren agintaldia langabeziarekin, pobreziarekin eta segurtasun ezarekin lotuaz.

Hala ere, bai batak eta bai besteak hauteskunde promesak egiteari ekin diote, nor baino nor. Lehen ministroak irakasleen soldatak %50 handituko dituela agindu du. Mustaphak berak beste hainbeste egingo duela ziurtatu du berehala.

Inkesten arabera, PDKren eta LDKren atzetik Albin Kurtiren Autodeterminazioaren Aldeko Herri Mugimendua dator. Mugimendu honek gogor kritikatu du nazioarteak Kosovon jokatu duen ta jokatzen ari den papera.

Hauteskundeetan parte hartzen duen lehen aldia da Kurtiren alderdiarentzat. Orain arte oihartzun mediatikoa izan duten ekintza zuzenetan abiatu du bere ekimen politikoa.

Serbia, begira

Serbiarekin hitz egiten hastea izan beharko da Gobernu berriaren erronka. Belgradeko Gobernuak, beraz, interes handiarekin jarraituko ditu emaitzak.

Hala ere, ez dirudi irabaziko duenak marjina handirik izango duenik serbiarrekin tratutan -hitz honek duen zentzu txarrenean- sartzeko.

Thaçiren garaipena ziurtzat jotzen duen Ilaz Duriqi ikasleak dioenez, «nahi badu, gaur bertan biltzea dauka serbiarrekin, garrantzia duen bakarra da serbiarrek estatu independentetzat onartu behar gaituztela».

behatzaileak

Europar Batasunak hauteskundeak behatzeko 120 talde bidaliko ditu Kosovora. Gehienak EBkoak izango dira, baina inguruko herrialdetakoak eta Nazio Batuetakoak ere bertan izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo