GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

«Final guztiek egiten dute ilusio handia, baina hau berezia da»

p030_f01_111x111.jpg

Abel Barriola

Aspeko pilotaria

Berezko dohainez gain, diziplinak eta konstantziak eraman dute Abel Barriola (Leitza, 1978) pilotaren goi mailara. Xehetasun guztiak kontrolpean izatea ere atsegin du eta eskuetako takoak mimo handiz kentzen dituen bitartean erantzun ditu GARAren galderak, igandean finala jokatuko duen Atano III.eko aldagela txikian, su elektriko txikiaren aldamenean.

Jon ORMAZABAL

Bederatzigarren buruz buruko finala izango duen arren, Abel Barriolak ez du ezkutatzen aurtengo finala oso berezia dela berarentzat, bi urteko kalbarioaren ostean.

Berriz ere final baten atarian aurkitzen zara, zer sentitzen duzu?

Sentsazio oso ona da. Bi urte eta erdi badira azkenekoz jokatu nuenetik, oker ez banago, eskuz banakakoa Oinatzen aurka izan zen. Gero urte horretako lau eta erdikoan bizpahiru tantogatik finaletik kanpo geratu nintzen eta orduz geroztik txapelketaren xarma hori gozatzeko neukan aspaldi. Buruz burukoan jokatu nuen, baina ez nuen finalerdietan sartzerik izan. Lau eta erdiko honetan finalean nago eta poza izugarria da. Irujok 18 tanto egin zituenean poz handia hartu nuen. Esan daiteke final guztiak direla bereziak, denek egiten dizute ilusio handia, baina honek ilusio berezia eragin dit.

Izan ere lesio larri baten ostean etorri da...

Frontoitik kanpora zaudenean askotan baloratzen duzu barruan egon zarenean egin duzun lana, badakizu baloratzen final batera iristeko egin behar den lan guztia. Final honetarako bidea luzea izan da, eta hala denean, zaporea hobea izaten da.

Berriz ere jokatzen hasi zinenetik ez da denbora gehiegi igaro, espero zenuen horren azkar final batera iristea?

Beti izaten duzu ilusio hori, baina egia da denbora asko geldirik egon nintzenean, bai, pentsatzen nuen denbora asko behar izango nuela ongi jartzeko. Lesioa gainditu nuenean ikusi nuen niretzat udara oso garrantzitsua izango zela. Partida asko izaten da, torneo asko, ez dira txapelketak, baina garrantzia badute. Zorionez, oso garrantzitsua izan da uda, partida asko jokatu nituen, lesio gutxi izan ditut, eskuetatik-eta gutxi sufritu dut eta emaitzek lagundu egin didate.

Udan berriz ikusi nuen goi mailako pilotariekin jokatzeko gai nintzela. Horrek ilusio handia eman dit lanean fuerte jarraitzeko eta gehiago entrenatzeko. Lau eta erdiko hau koska bat gehiago zen, eskuz banaka jokatzea beti exigenteagoa da, ilusio handiarekin prestatu dut eta uste dut prestaketa hori txapelketan zehar nabaritu dela.

Uztail hasieran Irujorekin berarekin Nafarroako Lau eta Erdikoan jokatu zenuen eta ez zenuen batere gustura amaitu 22-9 galduta.

Ez da ez nuelako entrenatzen edo ez nintzelako dena ematen ari. Argi dagoena da, halako lesio bat daukazunean, denbora oso garrantzitsua dela. Lanak eta diziplinak bere emaitzak ematen ditu, baina denbora ere behar da, denbora emanez gero, eta norberaren buruarekin pazientzia izanez gero, emaitzak etorri egiten dira. Azken lau hilabeteetako aldaketa handia izan da, batez ere fisikoki, mobilitate handiagoa hartu dut, kaxaz ere ondo nago eta dena bat doa, gauza bat hobetu ahala besteak ere hobetzen dira eta nire kasuan ere hala izaten ari da.

Buruz ere indartsuagoa dirudizu, partida gehienetan markagailuari buelta eman diozu.

Ez dakit pasatutakoak zerikusirik izan duen, baina argi daukat, onerako eta txarrerako, gertatzen zaizkigun gauza guztietatik ikasten dela zerbait, eta ziur nago honetatik ere zerbait ikasi dudala. Ez dakit zer ikasi dudan, baina argi daukadana da hasierako ilusio berdinarekin jarraitzen dudala pilotan entrenatzen eta jokatzen. Azkenean, ilusioa baldin baduzu, entrenatzeko nagitasunik ez baduzu, eta lan egiten baduzu, lehenago edo beranduago emaitzak iritsi egiten dira.

Gainera asko sinetsi duzu zugan, oso «Barriola erara» jokatu duzu.

Hala izan da, azken finean atzelaria bainaiz. Gustatuko litzaidake gantxoz, boleaz-eta aurrelari hauek duten konfiantza izatea. Baina atzelaria naiz, urte guztian zehar atzean jokatzen dut, eta, normala den bezala, nire dohainak beste batzuk dira, botera luze jokatzea eta saiatu aurkaria laugarren koadrotik atzera izatea. Hortik aurrera nire aukera iristea itxaroten dut, eta iristen denean, bukatzen saiatu. Nire jokoa klasikoa da, orain arte emaitza onak eman dizkit eta eroso nagoen bitartean, horrelaxe jarraituko dut.

Gaur egungo pilotan posible al da horrelako jokoarekin txapelak irabaztea?

Baietz uste dut. Argi dagoena da airerik gabe ez dagoela ez txapelik irabazterik, ez finalera iristerik. Konbinazio bat behar da, gaur egun airerik batere gabe ezinezkoa da eskuz banaka gora iristea, baina pilotari bakoitzak bere dohainak ditu eta jokatzeko garaian ere behar duzu airea, gantxoa, bolea... Baina horrek ez du esan nahi bigarren pilotakadan joan behar duzunik airearen bila. Esan liteke bigarren errekurtso bat bezalakoa dela. Botera jokatu dezake pilotari batek, baina nahiz eta aurrelari batek baino errekurtso gutxiago izan, airea beharrezkoa da.

Betiko botileroa ere aldatu duzu azkenaldian, Joston Olaetxea utzi eta Jesus Buldainek lagundu zaitu azkenaldian. Zer aldatu da?

Berarekin aspalditik asko hitz egin izan dut pilotaz, pilotari ohia izan da. Zaletasun berdinak ditugu, eta bueno, berari asko gustatzen zaio partidak ikustea, beti jarraitu izan nau gaztetatik eta konfiantza handia daukagu elkarrengan. Proba gisara pentsatu nuen berari esatea, iruditzen baitzait ekarpen batzuk egin ditzakeela nire errendimendua hobetzeko, eta oraingoz behintzat, gauzak ondo irteten ari dira, eta gustura.

Finalak jokatzea oso polita dela esan duzu, aurten are politagoa, pasatutakoak pasatuta, baina irabaztea ere tokatuko zaizu, azkenengoetan galdu ostean?

Horixe nahi nuke. Egia da nire seigarren lau eta erdiko finala izango dela hau, eta lehena irabazi ostean hurrengo laurak galdu egin ditut. Horixe nahi dut, ilusio guztia daukat eta argi daukat horretarako zer egin behar dudan, ahalik eta hobekien prestatu eta daukadan guztia eman. Ilusio eta animo guztia daukat, baina kontuan hartu behar da aurkaria, eta oso zaila izango da.

Galdutako horiek balio izaten dute hausnarketa egiteko?

Nire ustez, ahaztea da onena. Momentuan ez baduzu ikasten, hortik urte batzuetara ikastea zaila da, eta niretzat pasatua pasatuta dago eta kito. Aurtengo txapelketan gertatutakoa ere pasatuta dago eta kito. Aurrera begiratu behar da, finalak aurrekoarekin zerikusirik ez duten zerbait dira.

Oraingoan badirudi Irujo irteten dela faborito gisa, hori abantaila bat izan daiteke?

Ez, nik uste dut finaletan presioa beti egoten dela. Egia da Irujoren alde irtengo dela dirua, baina jada iritsi gara momentu batera ez dioguna garrantzi handirik ematen horri. Batzuetan faborito zara, besteetan bestea, eta faborito izan edo ez, ni nire lana ahalik eta hobekien egiten saiatuko naiz.

Finalera begira, erritmoa eramatea oso garrantzitsua izango da?

Nik uste dut Irujoren aurka erritmoa ezartzea oso zaila dela. Argi daukat Irujo egungo pilotaririk onena dela eta %90etan berak jartzen duela erritmoa. Pilotari abiadurarik handiena jartzen dion pilotaria bera da, beraz, badakit finalean erritmoa jartzea oso zaila izango dela.

Baina badakit nire maila ematen badut nire unea izango dudala partidan, aukera batzuk izango ditut markagailuan aurretik joateko eta aukera horiek aprobetxatu behar ditut. Irujori barkatzen badiozu azkenean berak irabazi egiten dizu. Egin nahi dudana da ahalik eta hobekien defendatzea, aukera dudanean eraso egin, eta berak batzuetan ematen dituen aukera horiek aprobetxatu.

Atanon jokatzeak mesederik edo kalterik egiten al dizu?

Ez dut uste ez kalte, ez mesederik egiten didanik. Erasoan jokatzeko oso pilotaleku ona da eta defentsan zaila. Lurrean oso azkar ibiltzen da pilota eta ezker paretan ere askotan erori egiten da. Kontrakantxara ere oso azkar joaten da, eta defendatzerako garaian oso zaila da.

«Final baten atarian nagoenean, unerik gustukoenak mendian igarotzen ditut»

Pilota oso gustukoa du Abel Barriolak, baina baditu beste zenbait zaletasun ere. Pilotari askok bezala, ehiza eta mendia dira denbora asko kentzen dioten beste bi zeregin. Tentsio eta presio garai hauetan, txakurrak hartu eta Leitzako inguru ederretan oinez ibiltzea ihesbide bikaina du.

Finalaren aurreko egun hauek eramaten zailak izaten al dira? Prentsarekin egoteko momentuak mugatu nahi izan dituzu.

Bai. Ondo entrenatu eta komunikabideekin ere hitz egin nahi izaten duzu, eta horregatik zure agenda pixka bat hobeto antolatuta izan behar duzu, eta gauzak zuzenago eraman. Atseden hartu behar duzu, entrenatu, komunikabideei erantzun, sarreren arazoa ere hor dago, nahi edo ez. Beti jende mordo batek deitzen dizu sarrera eske, eta denerako denbora behar da eta zuzen ibili behar duzu zure egunerokoan.

Zuretzat ere denbora pixka bat behar al duzu?

Momentuan ez pentsa, egiten ari naizena da entrenatu eta komunikabideekin egon. Asteburuetan gehien gustatzen zaidana da lagunekin egotea edo mendira joatea. Orain gainera, elurrarekin eder askoa dago, eta ni behintzat, halako momentuetan, gusturen hartzen ditudan uneak mendian nagoenekoak izaten dira askotan.

Bide batez, gainera, frontoitik pixka bat aldendu?

Baina hori ez da, ez, oraingo zerbait berezia, finala jokatuko dudalako, beti izaten da hala. Azkenean pilotak denbora dexente kentzen dit. Gustura ematen diot denbora hori pilotari, baina bidaiak, entrenamenduak, bata eta bestea, denbora asko egoten zara etxetik kanpora. Gusturen egiten dudana izaten da txakurrak hartu eta mendira joan edo pelikula bat ikustea. Jon ORMAZABAL

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo