Ariane Kamio Kazetaria
Udazken hotzaren hego haizea
Kantarien lana, errekuperazio lan bat zen, beste ezer baino lehen. Kantatzeko era herrikoi baten errekuperatzearekin batera ¯kanta zaharrak ere jasoz¯, hizkuntzaren eta herri kontzientziaren errekuperazioa. Kanta, nola edo hala borrokarekin lotzen da. Herri batek irauten jarraitzeko zeraman borroka larriarekin, hain zuzen», esan zuen Xabier Letek Ez Dok Amairuko garaiak gogora ekarrita. Borroka izan da kantari eta etorri handiko idazlearen zentzua biribildu duen oinarrietako bat. Borroka esanahirik hertsienean ulertuta ez litzateke bere ibilbide onduaren definizioetan sartuko, Letek barne borrokarekin biziraun duelako oraindik orain.
Euskal kulturari emana lehenbizi, eta bere emazte zenaren heriotzaren esferan kateatuta ondoren, garaitu ezineko borroketan jarri ditu lehian urteetan sortutako letrak. Ez Dok Amairurekin taularatu zen. Francoren diktaduraren gizarte eta kultura borrokarako ere itxuraldatu zuen bere irudia; bizar oparo eta ile harroko kantaria zen orduan, zanpaketaren aurkako harrotasun berberaz oihukatzen zuen kantugilea. Ez Dok Amairuren akabatzearen ondoren, letrek eskaini zioten, gehienbat, babes nagusia. Atzoko borroka haien goria barealdian sartuta, Lourdes Iriondoren alboan ezagutu zuen borrokaren alderik oparoena; baina baita ilunena ere. Emaztearen desagertzeak heriotzaren elkarbizitzara eraman baitzuen, oroitzapenei atxikitako lur mortuetara, hesteetan sortutako gaitzaren kontrako borrokan galtzaile suertatu den artean. Udazken hotzari hego haizea ekarri dio Letek eta, Mikel Laboari merezimenduz atxiki zitzaion bezala, bera ere mito bilaka dadila desioko dut aurrerantzean. «Badakit udazkeneko arratsalde batean/ igoko naizela/ hiria gurutzatzen duen autobusera/ eta eramanen nauela/ denbora galdu batean/ madreselbek usaitzen zuten auzo isilera./ Zihoan jendea jaisten joan baita/ han, geltoki harrigarrietan,/ eta urruneko tren gorri baten geziak/ abiadura ezarri baitio/ karriketako gelditasunari,/ azkenerako bakarrik eta azken bidaiari/ jaitsiko naiz ni ere hiriaren bazter batean,/ eseriko naiz han nonbait/ eguzki epelari bizitzaren nekea aitortuz/ eta lokartuko naiz agian betirako/ azken unean bakean neronekin/ ororekin bakean». (Xabier Lete, «Egunsentiaren esku izoztuak»).