DURANGOKO AZOKA
Oinez nahiz autoz, Euskal Herria ezagutzeko aukerak anitzak dira
Bidaietako gidaliburuen eskaintza gero eta oparoagoa da, bidaiatzeko moduak ugaritu ahala ugaritu baitira horiek ere, aldaketetara egokituz. Hala, liburu-denda eta azoketan orain arte leku nagusia zuten mendi garaiei buruzko gidek lekua egin behar izan diete turismo lasaiago bat egitea gustuko dutenentzako proposamenei. Hor dira, besteak beste, haurrekin egiteko txangoei edo euskal mitologiari buruzko ibilbideei buruzko argitalpenak.
Maddalen LARRINAGA | DURANGO
Asko dira bidaiak antolatzeko garaian gidaliburuak erosten dituztenak. Eta asko dira, halaber, bidaia motak. Hori dela eta, bidaiei buruzko giden atala anitza eta oso zabala da. Alde batetik, mendizaleentzako betikoak daude; bestetik, lurralde bakoitzeko toki enblematikoenei buruzko azalpenak ematen dituztenak. Autoz egiteko etapak erakusten dituztenak ere badira, eta azkenaldian arrakastatsu bihurtu dira euskal mitologia aitzakia hartuta, Euskal Herria erakusten dutenak ere.
Arlo honetan ezagunena Sua argitaletxea da. Izan ere, honek gurean hain maitatu diren mendiei buruzko liburuak argitaratzen ditu. «Beti eduki izan ditugu halako liburuak, bereziki mendiari lotutakoak. Bai Euskal Herrikoak, Pirinioak... gugandik hurbil daudenei buruzkoak», esan zuen argitaletxeko kide Hector Ortegak. «Euskal Herrian tradizio handia dago Pirinioetara joateko eta, alde horretatik, gure titulu asko hortik doaz. Baina eskaintza zabala dago. Batzuk mendizale porrokatuentzako dira: Pirinio osoa oinez egiteko ibilbideak erakusten dituztenak. Horietan prestakuntza fisikoa oso garrantzitsua izaten da. Baina, aldi berean, badaukagu adibidez `Transpirene'. Hau autoz egitekoa da: Hondarribitik Cap de Creuseraino; Pirinio osoa autoz sei etapatan egitekoa. Gainera, bidaia horretan oinez egiteko txangoak ere eskaintzen dizkiogu irakurleari; baita leku interesgarrienak ikusteko aukera ere».
Halako liburuetan irakurleak behar dituen xehetasunak eskaintzen dira: «Mota askotako gidak daude, baina orokorrean mapak, perfilak, etapen nondik norakoak, leku bakoitzean ikustea merezi duten tokiak, eta datu praktikoak (non lo egin, bazkaldu...) ematen zaizkio irakurleari. Behar izaten ditugun xehetasun horiek guztiak eskura edukitzeko».
Egunkaria eta bidaiak
GARAk ere baditu bidaia gidaliburuak, bai mendiei buruzkoak, baita Euskal Herriko txokoei buruzkoak ere. Hala, arrakasta handia lortu zuten bi bilduma berrargitaratu ditu.
Alde batetik, «16 rutas para conocer Ipar Euskal Herria». Bertan, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako zenbait herriri buruzko informazioa ematen da; hala nola Hendaia, Urruña, Baiona, Xareta, Donibane Garazi, Irati, Oskitxe, Maule edota Arbaila herriei buruzkoa besteak beste. Gainera, autobideen mapak eta herrietako planoak ere agertzen dira, jatetxe eta toki ikusgarriez gain.
Bestetik, «Alpeak guztientzat» argitaratu du, euskarazko eta gaztelerazko bertsioetan. Izenburuak esaten duen bezala, Alpeetan edozeinek egin ditzakeen txangoei buruzkoa da. Guztira bi ale argitaratu dira. Batean, Vercors-en hasi eta Suitzan amaitzen den ibilbide luzea erakusten da 40 ibilbidetan. Eta bigarren aleak Tirol eta Eslovenia arteko 14 etapa agertzen ditu. Errepideetako mapak ere azaltzen dira.
Donostiako Travel Bug argitaletxeak hainbat liburuxka berri atera ditu aurten. Bidaia mota ugari dela-eta, hainbat aukera aurkezten ditu, baina agian denetan deigarriena euskal mitologiaren inguruan sortutakoa da. Izan ere, mitologiarekin lotura duten txangoak proposatzen ditu, kondairen kokalekuak helmuga bihurtuz. Bestetik, haur txikiekin egiteko hainbat ibilbide erakusten ditu beste batek. Autoz egitekoak ere badira eta orain gutxi argitaratutako batek Euskal Herria bizikletaz ezagutzeko aukera eskaintzen du.
Gainera, euskal kostaldeari buruz hitz egiten duen bat eta natur parkeei buruzko beste bat ere plazaratu dituzte. Guztietan salduena Euskal Herriko toki enblematikoenak erakusten dituena da.