GARA > Idatzia > Kultura

DURANGOKO AZOKA

Ipar Euskal Herria Durangora etorri da beren kultur emaria zabaltzera

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan sortzen diren literatura eta musika lanak ez dira beti oso ezagunak Hego Euskal Herrian. Hango kultur emariaren berri izateko, gune aproposa da Azoka. Izan ere, hainbat argitaletxe, diskoetxe eta abeslari etorri dira Bizkaira beren lanak eta produktuak zabaltzeko asmoz. Gainera, aldi berean gure herria bateratzeko egun aproposak direla uste dute, eta ezezaguna ezagun bihurtu nahi dute.

p039_f01_097x151.jpg

Maddalen LARRINAGA | DURANGO

Ipar Euskal Herria Durangora etorri da. Argitaletxeak eta abeslariak ari dira girotzen Landako gunea. Atzo, esaterako, Mixel Etxekopar eta Beñat Achiary aritu ziren Plateruenan azken lanak eta poesiak interpretatzen. Horretaz gain, sei argitaletxe eta diskoetxek (ZTK-Euskaltzaleen biltzarra, Ikas, Gatuzain, Maiatz eta Agorila) Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan sortutako emaria ekarri dute: musika, DVDak eta liburuak; haurrei begira sortutako literatura lanak, aspaldiko taldeen diskoak eta aldizkariak.

Agorila diskoetxe baionarra da, eta besteak beste, euskal talde eta kantariekin lan egiten du. Bestetik, Ikas euskal pedagogia zerbitzua euskara eta euskarazko irakaskuntza hedatzeko helburua duen elkartea da. Argitalpenen atalean, ikasmaterialaz gain, haurrentzako lanak plazaratzen ditu, esaterako, CDz eta liburuxkaz osatutako bildumak, horietakoa da «Peio eta otsoa».

Maiatz elkarteak izen bereko aldizkaria argitaratzen du urtean bi aldiz, eta Durangora azken alearekin batera, aurreko zenbait ere ekarri ditu. Idazle berrien lanak ere argitaratzen dituzte. Halaber, poema liburuak, eleberri beltzak eta liburu elebidun bat ere bai, «Écrivain / Idazle» izenekoa. Eta, Gatuzainek gai sozial, alternatibo eta politikoen inguruan lan egiten du, eta Durangora ekarri duen liburu garrantzitsuenetako bat «Patxa» izenekoa da. Eneko Bidegainek idatzi du lana, eta 80ko hamarkadan Baionan izan zen kolektibo anarkista eta borrokalari bati buruz hitz egiten du. «Borroka bai, besta ere bai» zen beraien lema.

Nahiz eta argitaletxe eta diskoetxe txikiak izan tamainaz, Azokan sortu duten jakin-mina nabaria da. Salmentak beste salmahaietakoak baino txikiagoak izan litezke, galdera eta begirada ugari izaten ari dira, ordea, Azokan dabiltzanen partetik. Iparraldekoek ekarpen garrantzitsua egiten diote Azokari, eta euskal giroan batuz, pozik egiten dute.

«Transhumantzia»

Hori da Mixel Etxekopar zuberotarrak atzo Plateruenan aurkeztu eta interpretatu zuen diskoaren izena. Txori kanten, zintzarri hotsen eta artaldea biltzeko oihuen artean hasi zuen emanaldia. «Transhumantzia beti bide berdina da, baina beti berria», zioen Etxekoparrek. Bestalde, Durangori buruz, mugaz bi aldeen arteko topaketatzat jota, «pozgarria da eta ez diot zubi hau egiteari utziko», zioen zuberotarrak. «Han duguna frantses kultura da, hori da gure muga. Ondorioz, gure arteko zubi guztiak baliotsuak dira gure ezaugarri komunak zein diren erakusteko».

Etxekoparren aurretik Beñat Achiary aritu zen antzoki berean poesiak interpretatzen eta inprobisazioarekin jolasean. Izan ere, bere emanaldiaren oinarri poemak diren arren, bat-bateko jardunak ere pisu handia du. Hala ere, emanaldia amaitzeko fandango eta arin-arin baten interpretazio ezberdin bat eskaini zuten bi kulturen arteko lotura eginez. Ondoren, jendearekin egoteko irrikatzen zegoen Achiary, iparraren eta hegoaren arteko lotura hori sentitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo