GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Xabier Lete, argiak eta itzala

Hiltzen den pertsona ororekin gertatzen den bezala, Xabier Lete hil ondoren berari buruz egin diren adierazpen guztiak laudoriozkoak izan dira. Egia esan, ez da gutxiagorako. Letek euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpena benetan da aipagarria, argitsua, sakona. Agian, goizegi da sakontasun hori neurtzeko, egindakoari justizia egiteko. Letek berak egindakoari garrantzia kenduz igaro zuen bizitza erdia. Kanpotik begiratuta, umiltasun hura sinisten zaila izaten zen batzuetan. Publikoki, ondorengo belaunaldientzat bederen, Lete ez zen izan bere garaiko beste zenbait autore bezain «herrikoia», bezain erreferentziala, bezain kuttuna agian. Paradoxikoki, bereak dira herrikoi bihurtu diren abesti eta bertso asko. Baina belaunaldiz belaunaldi erreferentzia zabalagoa duten artista horien artean, Mikel Laboatik hasi eta Doctor Deseoraino, bere eragina oso handia izan zen. Zentzu honetan, Leteren ondarearen parte bat ondorengo olatuetan etorri da eta etor daiteke oraindik. Mikel Laboaren itzala handia da, hemen eta kanpoan, eta bere heriotzak sortutako atsekabea guztiz igaro gabe zegoenean Leterena etorri da. Euskal Herrian bederen itzal izugarri horrek ez lituzke inondik inora Leteren argiak ñabartu behar. Segi dezatela, bizitzan bezala heriotzan, bata bestearen argia indartzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo