GARA > Idatzia > Kultura

DURANGOKO AZOKA

«Begiradan dago erotismoa» eta euskal sorkuntzak propioa behar du

Askoren harridurarako, aurten «erotismoa» hartu du Azokak gai nagusitzat. Krisi garaiak gozotzeko akaso. Gaia ahoan hartuta, mahai-ingurua izan genuen atzo, zinema, musika eta literatura esparruei so egin eta «Erotismoa sortzailearen begietan» izenburukoa, Paddy Rekalde gidari zela... «Ba ote da erotismorik euskal kultur sorkuntzan?».

p036_f03_177x108.jpg

Anartz BILBAO

Zer da erotismoa. Ez da galdera erretorikoa, pentsatzeko galdera da. Ez dakigunez zer den, sexuaz hitz egin dezagun...» hasi zuen bere jarduna Joxemari Carrere ipuin kontalariak iragan larunbatean, Durangoko Azoka zabaltzeko eman zuen «Maitasun arbola» hitz-aspertuan, politikariak aurrean barrez zituela.

Urteak ziren bat baino gehiago, behar-beharrezkoa genuelakoan, erotismoaren gaia Azokan landu beharraz ari zela. Krisi garaiak gozotzeko beharbada, edo gaiak gurean aipagarri gutxi eman duela aurreikusita, emankizun gutxi eta aurrekontu txikia beharko zelakoan, aurrezteko asmotan. Bata izan, bestea izan, honakoan ere, krisia inguru-minguruka.

Atzo, gaiarekin jarraituz, «Erotismoa sortzaileen begietan» gaia landu zuen Azokak aurkezpen aretoan. Mahaian bost hizlari, eta Paddy Rekalde idazlea gidari lanetan. Kultur esparru ezberdinak bete nahian, Jon Arano eta Edorta Jimenez idazleak, Kattalin Miner (queer mugimenduaren begiradaz), Ivan Del Campo zinemagilea eta Ines Osinaga, Goseko kantaria.

Erotismoa gure kulturan?

Literaturaz gaindi beste esparruetara zabaldu nahi izan zuen gaia Rekaldek, «orain arte bilatu den lotura bakarra baita erotismoa eta literatura», eta musika, zein zinema munduko sortzaileak mahaira gonbidatu zituen, bat baino gehiago harritu zuen arren. Kattalin Minerrek, esaterako, solasaldian parte hartzeko gonbita jaso eta «erotismoa eta euskal hitzak esaldi berean aurkitzea surrealista» egin zitzaiola aitortu zuen, ... «eta gainera queer gehituta».

«Gauzatzen da erotismoa gure kulturan?» galderarekin ireki zuen solasa Rekaldek, guztiz bete zen aretoan. Eta Edorta Jimenez idazleak eman zion aurreneko erantzuna. Mundakarrak erotismoa agertu du bere azken lanetan, bai «Haragizko amoreak» poema liburuan (Susa) bai «Stock 13»-n Txalapartan, Literotura ataleko arduraduna den etxean -bertan atondu zuten «Desira plazer. 68-08» bilduma ere-.

Oteizak euskaldun guztiok barnean apaiza daramagula esaten zuela gogorarazi, eta gure literaturan erotismorako tokirik ez dugula izan adierazi zuen, bazter eginda izan dugula. Eta Aranok baieztapena indartu zuen gurean «Garibaldi asko eta Casanova gutxi» izan direla azpimarratuta, norbaiti irakurri zionez.

Mundakarrak onartu zuen Elizak hizkuntzaren alde ikaragarri egin zuela, baina Trentok euskara katiximetara mugatu zuela nabarmendu, euskarazko lehen liburua eta kontzilioa garaikideak direla esanda -1545koa da Etxepareren «Linguae Vasconum Primitiae» eta 1545-63koa kontzilioa-. «Eta harrezkero, gure idazketa askatzeko ahaleginetan dabil».

Beraz, «ezinezkoa zen ezer idaztea erlijio gaietatik aparte, eta existitzen ez den zerbaiti buruz hitz egiten ari gara», ihardetsi zuen Jimenezek bere lehen txandan, indartsu. Mundakarraren esanetan, «herri kantuetan gorde da erotismoa», eta azken hauetan «posiblea da orain arte egin ez den irakurketa bat egitea». Eta literaturarekin amaitzeko, «XX. mendean egin dira ahaleginak», esan eta «gure zorionerako landu gabeko atal bat da, eta idazleoi gure hizkuntzan erotismorako hizkera bat sortzea dagokigu», bota zuen erronka. Rekaldek orain arte egindakoa ezagutu eta azaleratzearen premiaz ohartarazi, eta euskal literatura eta erotismoa zahartzaroa eta viagrarekin lotu zituen, «nahi eta ezina». Bere aburuz, «gogoa dugu gure literaturan izan dadin, baina ez da sortzen eta antologiak egiten dira». Bere aldetik, Aranok literatur aldizkarietako lanak ezagutarazi zituen, baita tradiziotik jaso ditugun laginak ere, «hutsetik ez gatozela jakiteko».

Zinemara begirada bueltatuta, Ivan del Campok «erotismoa ez da gauza bera guztiontzat» azpimarratu zuen, euskal zinema erotismoz elikatzeko gure kulturak zuen gaitasunaren aurrean baikor.«Erotismoa modu naturalean agertzen da zineman, ez dagoena zinema erotiko sailkatu bat da», aitortu zuen. Argitu zuenez, sormen prozesua hasi aurretik berak ez du buruan «erotismoa lantzea», osagai natural eta garrantzitsutzat baitu, eta hein horretan erabiltzen, egunerokoan bezala. «Ez dut kontzienteki erotismoa egiten, berez dago hor».

Musikari dagokionez, Gosek letra beroak idazteko fama duela-eta -Eneko Barberenaren «Surik bai?»...-, Osinagari bere iritzia eman zezan eskatu, eta erotismoari buruz hitz egitea «oso antierotikoa da», bota zuen honek.

Gaiari garrantzia kendu beharra aipatu zuen probokatzaile eta ausarta delako sona duen Goseko kantariak. «Gosek ez du erotismoaz hitz egin kantuetan, bai sexuaz behin edo behin, gustuko dugulako -«Lokartu arte»-».

Emakumea den aldetik, kontu interesgarri bati heldu zion gero, genero ikuspegiarenari. «Entzule bezala maitasun kantak ez zaizkit batere erotikoak suertatzen, gizonek abestuak izan eta sarri emakumeak objektu garelako horietan. Genero aldetik ez gara identifikatuak sentitu orain arte egin denaz. Ez da denon erotismoari begira sortu».

«Tradizioa ez dena plazera da», esanez lapurtu zion norbaiti hitz txanda Osinagak, Arano tradizioaz ari zela, eta «ordena transgreditzea da plazeraren hasiera» onartu zuen honek.

Queer ikuskera berriak ezagutzeko, Kattalin Minerri zuzendu zitzaion Rekalde. «Ez dago euskal erotismo queer bat, eta beste nonbaitetik hartu beharra dago», bota zuen Minerrek, eta «beste imajinario berri baten sorkuntza» aldarrikatu. «Gogoa dago gorputz ezberdin batzuen desioa lantzekoa, eta gizartean eta kulturan muga eta ezintasunak egonda ere, sorkuntza horretan beste imajinario batzuk behar ditugu, propioak; euskaldunak zein praktika eta desio dituen ezagututa».

Begirada da erotismoa. «Axularrek `Gero'-n `begia ehiztaritik trebeena da´ zioen, bekatua begitik datorrelako» jarraitu zuen Jimenezek, amaitu nahi ez-eta. Laburbilduz, «erotismoak badu ezkutuan den zerbait ukigarria egiteko modua. Ikuslearen irudimen, ulertzeko gaitasun eta begiradan dago erotismoa».

Eta Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan ere aurkituko duzue han-hemenka, liburu eta diskoetan arakatuz gero.

Azokan Pasieran han-hemenka, lasai-lasai, barruko arropak baino ez soinean

Landakok joan den larunbat goizean ateak ireki zituenetik bikote bat dabil egunero-egunero inguruotan, barruko arropak baino ez soinean, hara eta hona paseatzen lasai asko. Biboteduna eta irribarretsua da gizona, eta argazkiak egin eta egin ari da, bisitariak eta bikotekidea begi-puntuan dituela. Kidea emakumezkoa dugu, eta leopardozko tanga eta ligeroak daramatza soinean, eleganteak oso.

Ibiltari b(i)eroez ari gara. Ibiltariak, beroak, eroak eta bikotea baitira. Beraiek izango dira gaur gauean 45. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka ixteko ardura hartuko dutenak, eta gehiago aurreratzerik ez dugunez, ezagutu nahi dituenak 20.00etan Landako eraikineko atean beharko du izan.A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo