DURANGOKO AZOKA
Ingelesez ere badakigu, gero!
Anartz Bilbao Kazetaria
Euskaldunok, frantsesez eta gaztelaniaz nahikoa ez, eta ingelesez ere badakigu. Eta hemen rock gauak gernikarrenak direnez, Ken 7 eta Gatiburen ostean, Audience izan genuen bertan herenegun, Atom Rhumba basapizti aseezinarekin batera. Ingelesez kantatzen duten bizkaitarren gaua. Eta paradoxikoki, ingelesak munduan barna ibiltzeko ateak zabaltzen dizkigun arren, gurean kosta egiten zaigu bertakoak ingelesez entzutea. Akaso horregatik, baita proposamenaren berezitasunagatik ere -ez da hain rock zuzena eta irensten erraza-, aretoak ez zuen aurreko gauetako betekadarik espero, eta aurresalmentak sarrera gutxi banatu zituen arren, bostehun lagun ingururekin, giro bikaina sortu zen Plateruenan.
Audienceren herri txikia, small town, bilbotarrek funky town bihurtu zuten, zaleak izerditan paratzeraino. Gernikarrek Bidehutsen txokoa egin eta «Amerikanuak» lana eman dute argitara bertan, izen bereko dokumentalari soinu banda jartzen diona, Elko (AEBak) eta Gernika uztartuz. Grinatsu aurkitu genuen taldea, Gaizka Isunza imintzioka izar dutela. Steel guitar eta besterekin, atmosfera propio bat dute garatua, edonor hankaz gora botatzeko moduko kalipuz Dylanen «Hurricane» bikain batez itxi zutena.
Gero Atom Rhumbaren gargantuak irentsi gintuen, Irazokiren soka askatu eta inoiz baino gitarra zorrotzagoz. Poztu ginen beratarra bere saltsan ikusteaz. Gainera, zirikatzaile, «kontuz erosten dituzuen liburuekin, gero irakurri egin behar dira-eta!» ohartarazi zigun taldeko beste nafarrak, Iñigo «Ile-suzkoak».