XABIER LETERI AZKEN AGURRA, URNIETAN
Kantatzera ausartu zen poeta tristea
Ane ARRUTI | BILBO
Poeta izan da Xabier Lete. Idazle fina. Eta kantari askok aprobetxatu dituzte bere hitzak. Ez Dok Amairu taldea sortu zutenean, hasieran ez zuen kantatu ere egiten. «Eta horrela, halako batean, ni ere kantuan hasi nintzen. Lurdesekin batera kantatzen nituen lehen abestiak; gero, neronek nituen hiru edo lau. Uztapide eta Xalbadorren bertsoak ere kantatzen nituen. Hirurogeita seigarren urteko martxoaren egun batean, taldeko norbait gaixotu egin zen, eta Lurdesek eta Arzek lehen aldiz jendearen aurrean kantatzera bultzatu ninduten», kontatzen du «Abestitzak eta poema kantatuak» (Elkar, 2006) liburuan.
Eta egun hartatik aurrera, bere ahots sendo eta gogorra kantuan hasi zen eta ia herrikoi egiten zaizkigun ereserkiak utzi dizkigu. Bere ahotsa larunbatean isildu zen, baina guztion memorian iltzatuta utzi dituen kantuak airean jarraituko dute. Hona hemen aukeraketa bat.
Ni naiz
Ni naiz/ erreka zikinen iturri garbiak/ aurkitu nahi dituen poeta tristea./ Ni naiz/ kaleetan zehar neguko eguzkitan/ lanera dijoan gizon bakartia./ Ni naiz lorerik gabe gelditzen ari den ardaska lehorra,/ ni naiz pasio zahar guztiak kixkali nahi dituen/ bihotz iheskorra./ Ez zaidazu galdetu gauza ilun guztien/ arrazoi gordea,/ nora ote dijoan denbora aldakorrak/ daraman bidea (...)
Habanera
Berriro itzuliko balitz iragan denbora arrotza/ berdin kontsumi nezake bainilla gozo artean,/ itsaso urrun batetan irudimena galdurik/ udaberriko euritan larrosak pizten ikusiz./ Osaba komertzianterik ez nuen izan Habanan,/ pianorik ez zegoen bizi nintzen etxe hartan,/ neskatxen puntilla finak udako arratsaldetan,/ errosario santua neguko gela hotzean.
Ezpainek gordetzen dute ezpain bustien gustoa/ desiozko hotzikaran etsipenaren tamalez,/ gauak zelatan dakusat kontzientzia bilutsik/ badoaz ordu geldiak gogorapenen hegalez./ Jaio ginen, bizi gera ez dugu ezer eskatzen/ itsasontzia astiro kaiatik ari da urruntzen./ Antillak zintzilik daude argazkien paretetan/ karta bat idatziko dut norbaitek erantzun dezan.
Tabako, ron ta kanelaz sukartutako ametsetan/ algarak entzuten ziren Habanako putetxetan,/ abanikodun mulatak gauari haize egiten/ musiken aide nagiek odola erretzen zuten
Neguaren zain
Ez nau izutzen negu hurbilak uda beteko beroan/ dakidalako irauten duela orainak ere geroan/ izadiaren joan geldian gizalditako lerroan/ guzia presente bihurtu arte nor izanaren erroan (...)
Itsasoaren urak handi dire
Zazpi laguneko famili batetan arotza zen gure aita/ gure herriko alkate ez izan arren, lan egiten zuena.
Itsasoan urak handi dire, murgildu nahi dutenentzat/ gure herriko lanak handi dire, astun dire, gogor dire, zatiturik gaudenontzat (...)
Xalbadorren heriotzean
Adiskide bat bazen orotan bihotz-bera,/ poesiaren hegoek sentimentuzko bertsoek antzaldatzen zutena./ Plazetako kantari bakardadez josia,/ hiltzen lihoa iruten bere barnean irauten oinazez ikasia.
Nun hago, zer larretan Urepeleko artzaina,/ mendi hegaletan gora oroitzapen den gerora ihesetan joan hintzana (...)
Nafarroa, arragoa
Nafarroa, arragoa, argiaren pausaleku/ haizearen ibiltoki zabal, hesirik gabea./ Nafarroa, arragoa, sua eta ura,/ kondaira urratu baten oihartzun oihukatua./ Amets bat baino gehiago, ez oparotasun osoa: nahiaren eta ezinaren burrukatoki ekaitzez betea (...)
Haizea dator, ifarraldetik
Haizea dator ifarraldetik, hego berotik ekaitza,/ ez da nabari lanbro artean asaba zaharren baratza.../ eguneroko lagunak ditut beldurra eta zalantza,/ ardo txar honek eragiten dit noraezeko balantza.
Itzal gaiztoak isurtzen dira mendi hegaletan behera/ argi apalak badoaz laster bat-batean itzaltzera.../ izen zehatzak uzten ditugu erortzen zulo beltzera,/ prestatzen gera etxe hustua arrotz guziei saltzera (...)
Gizon arruntaren koplak
Kantatzera noazu bertso bat edo bi/ herenegun jarriak gizon arruntari/ Antoniyo, Lorentzo
edo Joxe Mari,/ gauza ederra denik ez ukatu neri.
Goizean jeikitzean lehenbiziko gauza,/ aba zabaldu eta jazten ditut galtzak,/ muturra garbitzean nolako zalantzak/ ezin kendurik nabil loaren orratzak.
Kafesnia hartuta horrekin batera/ ahal baldin badet behintzat
noa komunera:/ aurrian papera ta atzian papera,/ periodikua letuz ilustratzen gera.
Etxetikan lanera noa nahiko mantso./ Realak kuatro-uno
galdu zuen atzo,/ kalian bi zakur ta beste hiru atso,/ egun on don Pepito eta don Alfontso(...)
Euskalerri nerea
Euskalerri nerea, ezin zaitut maite/ baina nun biziko naiz zugandik aparte.../ anaien aurpegian begirada hotza,/ ezpainetan iraina, harrizko bihotza.
Arratsaldeak berez dakarren tristura/ niretzat izaten da bakardade hura/ argirik gabe begiak, balio al du gure egiak?/ bide bat aukeratzean gelditu nahi nuke gure lurrean (...)
Izarren hautsa
Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai/ hauts hartatikan uste gabean noizbait ginaden gu ernai/ eta horrela bizitzen gera sortuz ta sortuz gure aukera/ atsedenik hartu gabe: lana eginaz goaz aurrera/ kate horretan denok batera gogorki loturik gaude (...)
Seaska kanta
Amaren bularra aurraren janari/ aurraren negarra beti hunkigarri/ baratz honen erdian goseak nago ni/ zure bular laztanen antsiz ta egarriz./ Zure bular politak zerrien jostaillu/ edertasunak kontuz gorderik behar du./ Zaude ixilik, aurra, ez egin negarrik/ munduak ez du eta malkoen beharrik./ Aunditzen zeranean ikusiko dezu/ ixilik egoteak zenbat balio dun./ Segi zure bidetik obe da orrela,/ gauza denen gaiñetik haizea bezela./ Amaren bularra aurraren janari/ aterpe xamur hontan lo hartu nahi dut nik.