GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | XABIER LETERI AZKEN AGURRA, URNIETAN

Errota zahar maite batean ondutako memoriarantz

Euskal kulturak Urnietan eman zion azken agurra atzo Xabier Leteri. Ordubete luzez iraun zuen elizkizunean, idazle oiartzuarrak berak hil aurretik egindako eskakizunak bete ziren; Lourdes Iriondorekin batera kantatu ohi zuen «Errota zahar maitea» jo zuen Joxean Goikotxeak eskusoinuan, eta azken hamar urteetan mediku izan duen Felix Zubiak bertso bat kantatu zuen hura gogoan.

p006_f01_097x172.jpg

Ariane KAMIO

Larunbat gauean zendu zen Xabier Lete. Samina nagusi izan da ordutik euskal kulturaren arloan; baita bere inguruko senide eta lagunengan ere. Astelehenean erraustu zuten haren gorpua Donostiako Polloeko hilerrian eta Urnietan gorde ziren bere errautsak urte luzez ondoan izan duen Lourdes Iriondoren alboan. Atzokoan, bien bizileku izan den herrian bertan hileta elizkizunak burutu ziren, Xabier Leteren azken nahiei men eginez.

Euskal kultura osorik bildu da bart Urnietan. Kasik zerrenda ezineko jende andana hurbildu zen azken agurrera. Bertan izan ziren, besteak beste, Jose Angel Irigaray eta Karlos Linazasoro idazleak; Pier Paul Berzaitz, Pantxoa eta Peio, Jean Mixel Bedaxagar, Jabier Muguruza, Antton Valverde eta Niko Etxart musikariak; Nestor Basterretxea eta Ricardo Ugarte eskultoreak; Jose Ramon Soroiz eta Ramon Agirre aktoreak; Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko presidentea; Juan Antonio Urbeltz folklorista; eta Andoni Sagarna euskaltzaina. Instituzioetatik ere hurbildu ziren ordezkariak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Maria Jesus Aranburu Kultura diputatua eta Isabel Celaa Lakuako Hezkuntza sailburua.

Letek Pamielarekin argitaratu zuen 2008an bere azken poema liburua, «Egunsentiaren esku izoztuak». Pello Elzaburu argitaletxe bereko editoreak hunkiduraz gogoratu zuen atzo oiartzuarrak utzitako arrastoa. «Agian fribolitate bat da bere inguruan hala hitz egitea, baina nire imajinarioan bere umore aparta geratzen da. Berarekin biltzen nintzenean beti proiektuez hitz egiten genuen, etorkizuneko erronkez». Literaturan eta musikagintzan ekarpen handiak egindakoa da, baina oraindik «Xabier pentsalaria» ezagutzea falta dela iritzi dio Elzaburuk. «Milaka orrialde utzi ditu idatziak, eta bere azken urteetako kezka zen pentsaera horiei nola irtenbide eman», nabarmendu zuen.

Bere nahiaren arabera

Arratsaldeko 18.30ak jo gabe eta hiletarako oraindik ordu erdi falta zela, Urnietako elizak goia jo zuen. Ezinezkoa zen santutegirako atea zeharkatzea, eta beraz, dozenaka lagunek kalean entzun behar izan zuten Jose Maria Setien Donostiako gotzain emerituak gidatutako meza.

Hil aurretik Letek berak eskatutakoak bete ziren elizkizunean. Homilian zehar, idazleak erlijioaren inguruan egindako hausnarketak izan ziren nagusi, baita sufrimenduaren bueltan egindakoak ere: «Guk, kristau sinestunok, ezin dugu onartu manikeoek aldarrikatu zuten onaren eta gaizkiaren banaketa, hori onartuz gero lurrera letorkeelako erredentzioaren itxaropena. Baina galderak zutik dirau: zergatik orduan gaizkia eta gaizkiaren korrelato nagusia den sufrimendua?».

Elizkizunaren amaieran bildu ziren momenturik hunkigarrienak. Xabier Letek berak hala eskatuta, Joxean Goikoetxeak «Errota zahar maitea»ren doinua zabaldu zuen eskusoinuaz, poeta oiartzuarrak eta Lourdes Iriondok elkarrekin abesten zuten kantua hauspotuz.

Azken agurra Felix Zubiak eman zuen, azken hamar urteetan mediku izan zuenak. Ahotsa dardarakor, «Ez nau izutzen negu hurbilak» Mikel Laboaren kantua doinu hartu zuen Letek espresuki eskatutako bertsoa aireratzeko. «Ez nau izutzen esan zenigun, begietara begira. Ez nau izutzen esan zenigun, begietara begira. Negua dator nere albora, bukatu da nere bira. Gustora noa pake pakean, Lourdes dagoen tokira. Nerekin dago, soma dezaket irrifar batez ari da. Zure gaitzean ze duintasuna, zure hitzetan dizdira. Hartu atseden alboko gelan aitarekin erretira. Eman arnasa, lagun zaiguzu goiza gauaren segida. Egun batean gure arimak berriz elkartuko dira. Eman arnasa, lagun zaiguzu goiza gauaren segida. Egun batean gure arimak berriz elkartuko dira».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo