Aitor Renteria (2010/12/8, kazeta.info)
Hitzetatik dilingo
(...) Berlineko harresia erori zenetik, kapitalismoak ez omen du etsairik mundu zabalean eta neoliberalismoaren kontzeptuak, eta haren kontrako xedeak, ideia berri gisa heldu zaizkigu, hausnartzeko denborarik eman gabe. Gaixo itzultzaileak.
Egia erran, zalantzak ukan ditut itzultzaile edo traduktore deitzeko. Etimologiari behakoa emanez, traduktore hitza traditoretik datorrelako, traizioari halabeharraren zilegitasuna emanez. Menturaz hori dateke tipia handiaren heinean ezartzeko bidesaria.
(...) Bertze kasu batzutan, aldiz, itzulpenaren itxurazko zuzentasunak trenputxartzen nau, kontzeptu arrotzak barneratzen dizkigulako, gure hizkuntzan, gure kosmologian bertze interpretaziorik dagokeen pentsatzeko astirik utzi gabe. Igogailu hitza, adibidez. Gora zein behera joateko balio badu ere, auzoen hizkuntzan izen hori eman diote, eta gu euskaldunok, itsu itsuan gibeletik.
Kontzeptu ideologiko sakonagoek, ordea, burukomin edo samin sakonagoa eragiten didate. Descroissance, edo relocalisation kontzeptuak ahoz aho dabiltza mundu zabalean. Euskarara nola itzuli, gure arima saldu gabe ? Lehen bidea klasikoa litzateke. Hitzari ezkutuan datxekion zama ideologikoari garrantzirik eman ez eta hala-hola moldatzea estutasuna gainditzeko. Batetik des, bertzetik hazkuntza. Deshazkuntza? Hori ez delakoan nago. Hazkuntza negatiboa? Bertze zerbait dela diote ekonomialariek. Hazkuntza doitu, egokitu? Baliteke, baina hizkuntzalariek ez dute hori onartuko, politikoegia, ezkertiarregia delako. Funtsean, sakoneko arazo ideologikoen aitzinean gaudelarik, ihes egiten diotelako horri, anitzetan bertze aldera makurtuz.
(...) Bertze garai bateko aldarriak jin zaizkit burura. 80ko hamarkadan herrietako murruak betetzen zintuzten tindaketak, adibidez. Herrian bizi, herrian lana, herriak bizi behar du. Edo ama lurra zain dezagun. Orduan ez zegoen developpement durable edo horrelako kontzepturik, eztabaida ez zen garapen iraunkor edo jasangarriaren artean kokatzen. Baina zeinek erranen luke Ama lurra zain dezagun aldarria ez dela inoiz baino garaikideagoa? Instituzioen traizioa, barka, tradukzioa burutu aitzin, ezkerra ezkerra baldin bada eta euskaldunok munduari gure ikuspegia edo interpretazioa zor badiogu, itzulpengintzari zorrotzago ekin beharko diogu. Euskaraz pentsaturik eta gure begiradetan oinarriturik. (...)