GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Karmele Jaio (2010/12/10, deia)

Zorion maila

Herrialde baten zorion maila ez da bakarrik Barne Produktu Gordinari begira neurtzen. Ondorio horretara heldu dira Bretainia Handiko agintariak, eta diruaz gain, biztanleriaren zorionean eragina duten beste faktore batzuen bila hasi dira. Helburu horrekin, ongizate maila neurtzeko galdera berriak sartu behar izan dituzte inkestetan.

(...) Durangoko azoka bukatu berritan, euskal kulturaren osasun maila neurtu nahi izaten dugu, baina galdera zaharrekin akaso. Zenbat jende, zenbat argitaletxe, zenbat salmenta... Komunikabideek erantzun horiekin betetzen dituzte orriak, eta euskal kulturaren festa gauzatu dela eta, euskal herritarrak pozik goaz etxera.

(...) Euskal kulturaren osasuna ezagutzeko, euskal kulturari berari galdetu beharko genioke zoriontsu sentitzen al den, ondo tratatua, mimatua, gaztelaniaz egindako kulturaren maila berdinean sentitzen al den bere herrian. Euskal kulturari galdetu beharko genioke zer sentitzen duen irakurle bat ikusten duenean denda oso bat arakatzera behartuta, euskaraz idatziriko liburu bat aurkitzeko; zer sentitzen duen kazetari batek idazle bati zergatik idazten duen euskaraz galdetzen dionean; Euskal Herriko liburutegi batean itsatsita dagoen kartelean «el escritor vasco» edo «la escritora vasca» irakurtzen duenean euskal idazle baten hitzaldia iragarriz, idazlea Kurdistangoa balitz bezala, bere herrian egongo ez balitz bezala; errotulu eta seinaleetan euskarazko testuak akatsez beterik irakurtzen dituenean; ikasle nerabeek Mikel Laboa edo Xabier Lete nortzuk diren ideiarik ez daukatela egiaztatzen duenean; politikariek euskara egunon esateko soilik erabiltzen dutela ikustean; ustezko adostasun sozial baten aitzakian bere eskubideak zapaldu nahi direnean...

Euskal kulturari galdetu beharko genioke zoriontsua al den eta bere herrian sentitzen al den, bere herrian bertan

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo