GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Argiaren itzala, iluna

Mundu globalizatua. Globalizatzaileak eta globalizatuak; konkista garaian bezala. Ukrainako herriren batean jaio eta Euskal Herriko Eskoriatzan hil. Poeta joan berriak kantatu legez «honela jarri zuen Jaunaren legeak». Jaun eta jabe den merkatuaren legeak jarri ere horrela. AHTeko lanetan hil da hedabideetan siglak besterik ez zituen ukrainar ezezagunak. Goian bego bera! Behean merkatuak bideari darraio. Arrisku Handiko Trentzarra. Ofizioz estrategikoa den «herri-lan» ofizial horretan orain arte bizia eman behar izan duten denak ekialdeko langileak izan dira. Kasualitatea, seguruena, hemen nagusi den haizea mendebalekoa da eta. Baina kolpea ere bada, hain plurala den euskal gizartean etorkinak izatea lanotan larrua uzten dutenak. Larrua eta larruak estaltzen duena bera ere, dena utzi. Bidegabea izan behar du, oso, hautatu ez dituzun urruneko lurretan larrua utzi behar izateak; are bidegabeagoa azken hatsa lurrok zementatzen emateak. Arin hil beste batzuk arin mugitu daitezen. Eta ez jaioterriko herritar arrunt haien mesedetan, prezisamente. Bizitzarako eskubidea, omen. Bai zera, bizia eskuan lehertu beste batzuentzako bidetzarra egitearren.

Planetako giza eskubideen eguna ospatu berri da nazioartean. Nazioen arteko Estatu batzuetan behinik behin. Zenbait lekutan eskuetara heltzeko bidean ospatu ere. Aitortu behar dut, kondenatu egiten ditut urtean behingo egun ofizialak. Endredatu egiten naute. Ni halako egunak hiritik ospa eginez ospatzen ditut. Eta gabez bueltatzean hirian oraindik eguna dela begitantzen zait, dena argiak hartuta. Gabonetan gehiago. Dena argiak hartu? tira! hiri erdiko kale nagusiak, periferiako saltoki-guneak eta handik hona arin ailegatzeko errepideak hartu bai. Periferiako bazterrak, ostera, ilun; leku bateko argiak besteetako iluna behar du eta. Hauxe kolpea! argiaren itzala bera ere iluna! Soberazko argia, bai, Cancungo hartako goi-bileran. Klimarena itxoin bedi. Merkatuaren aldaketa dute saihesten premiazkoena. Alferrikako erakusleihoa hangoa. Cancungate. Merkatua da baztertu behar duguna, argi eta garbi. Eta Azokak erdira ekarri. Tira, Euskadiko horiek hain dira munduaren aurrean denetan bikaintasunaren erreferente agertzekoak non beroketa globalaren garaian zer eta fusio hotzaren defentsa egiten duten. Bizkaiko Bital Kutxa edo. Insufizientea!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo