GARA > Idatzia > Euskal Herria

Frankismoaren biktimei duintasuna itzultzeko oroigarria jarri dute

Diktadura frankistak errepresaliatutako pertsonen oroimena berreskuratzeko eskultura bat inauguratu zuten atzo Donostian, Urumeako autobidea eraikitzerakoan, iaz zazpi hildakoen gorpuak agertu ziren toki berean. Oroigarri berri honekin 1936ko gerran eta hurrengo urteetan gertatu zena inoiz ez ahaztea, biktimeei justizia egitea eta hildakoei duintasuna ematea izan dute helburutzat Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak.

p019_f02ona.jpg

Nagore BELASTEGI |

Diktadura frankistak errepresaliatutako pertsonen omenezko eskultura inauguratu zuten atzo Gipuzkoako Aldundiko eta Donostiako Udaleko ordezkariek, Donostiako Bigarren Errepublika parkean.

Burdinazko zubia zegoen tokian, Urumeako autobidea eraikitzeko lanetan ari zirela, zazpi hildakoen gorpuak agertu ziren bi hilobi komunetan. Toki horretan kokatu dute oroigarria.

Donostiako Udaleko alderdi politiko guztietako zinegotziez, Donostiako alkate Odon Elorzaz eta Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanoz gain, Millan Zabalaren eta Josa Zubiarrainen -identifikatu dituzten hildakoak- senideak ere izan ziren.

Aurreskua eta lore-eskaintza egin ostean, alkateak hartu zuen hitza. Ekitaldia hunkigarria izan zela esan zuen, eta parke horri esker Bigarren Errepublikak hirian bere espazio sinbolikoa izango duela adierazi zuen, eta «oso toki berezian, gainera, bertan fusilatu baitzituzten errepublika legitimo baten alde borrokatu ziren pertsonak».

Bestalde, Elorzak nabarmendu zuen 36ko gerran eta diktaduran zehar hil zirenak gogoan izateko balioko duela oroigarri berriak, baita familiek mina alde batera uzteko ere.

Hildakoak gogoan izatearen garrantzia nabarmentzeaz gain, eskulturak dituen hiru helburuak gogorarazi zituen diputatu nagusiak. Alde batetik, egia ezagutzera ematea, bestetik, zendutakoen izatea gogoratzea eta inoiz ez ahaztea, eta azkenik, hildakoen duintasuna berreskuratzea.

Olanok azaldu zuen eskultura berriarekin iraganarekin kontuak argitu nahi dituztela, eta Donostian aurkitutako zazpi pertsonekin justizia egin nahi dutela: «Altxamendu militar batek hemen utzi zituen, bide bazter batean botata, eta euren memoria suntsitu zuen».

Bakearen ikurra den eskultura

Olanoren arabera, ideologia eta jokabide kriminal batek Euskal Herrian 2.000 pertsona inguru desagerrarazi zituen gerra eta diktadura garaian. «Halakorik berriro ez gertatzeko, bakearen sinboloa den eskultura hau jarri dugu, terrorismoa alde batera uzteko», gehitu zuen Olanok.

Euskal Herria bortizkeriak asko zigortutako herria dela adierazi zuen, baina gaineratu zuenez, «bakea lortzea tokatzen zaigu jada, batez ere azkenaldian izan ditugun bortizkeria pasarteen ostean, guztiz ezartzeko egoera itxaropentsu batean gaude orain».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo