Georges Visat-en eta Dorothea Tanning-en obrak, Biarritzen ikusgai
Biarrizko Herriko Etxeak Georges Visat eta Dorothea Tanning artistak omendu nahi ditu abenduko Eguberrietako erakusketan. Ehun bat margolan, grabatu, marrazki, liburu eta argazki bildu dituzte Sainte-Eugenie kriptan, heldu den urtarrilaren 9a arte. Visat XX. mendeko bigarren zatiko grabatu egile ospetsuena izan zen, eta Tanningekin harreman estua eduki zuenez, bien unibertsoak elkartzen saiatu dira ekimen honekin. Obra gehienak inoiz ikusi gabekoak dira.
Ainize BUTRON |
Bi artista surrealista omentzea erabaki du Biarrizko Herriko Etxeak, Eguberrietan Sainte-Eugenie kriptan egiten duen urteroko erakusketaren bidez. Urtarrilaren 9ra arte, Georges Visaten eta Dorothea Tanningen ehun bat grabatu, margolan, argazki eta arte liburu ikusgai daude bertan.
Bi artistak, izan ere, 1910ean sortu ziren, eta «oso harreman estua» izan zuten. Dorothea Tanning artista izateaz gain, Max Ernsten emaztea izan zen, eta gaur egun New Yorken bizi da.
Georges Visat, berriz, XX. mende erdiko grabatzaile handienetariko bat izandakoa da. «Garaiko artista hoberenak hurbiltzen zitzaizkion Parisen zeukan tailerrera beren obren grabatuak egiteko. Surrealistekin harreman handia izan zuen», esan du Marie Contraire Biarrizko kultur arduradunak. 1949an Max Ernstekin elkarlanean hasi zen eta, grabatuen hainbat teknika erakutsi zizkion. Ondotik, Roberto Matta, Man Ray, Alechinsky, Magritte, Bacon edo Miro bezalako artistekin ere aritu zen. «Pariseko Saint Germain des Pres auzoan kokatua zuen Visatek bere tailerra, eta bertan bizi ziren garai hartako artistarik ospetsuenak», argitu du Contrairek.
Hainbat urtetan Parisen egon ondoren, 1976an, Biarnoko Arzacq herrira bizitzera joan zen, eta, berriz ere margotzeari ekin zion bertan. 2001. urtean zendu zelarik, ehunka margolan, grabatu eta marrazki utzi zituen, eta, horietako batzuk Saint-Eugenie kriptan ezagutzera eman nahi izan du Biarrizko Herriko Etxeak.
Erakusketa hiru zatitan banatua izan da. Sartzerakoan Visaten pinturak dira nagusi. «Soinu eta musika» izenburua eman dioten lehendabiziko gune batean, gai horren inguruan Visatek egindako hirurogei bat obra agertzen dira. «Musika asko entzuten zuen marrazten zuelarik. Bere margolanen bidez soinu horiei bizitasuna eman nahi zien», azpimarratu dute erakusketaren antolatzaileek.
Ondotik, «Espazio eta kosmos» izeneko gunean, obra metafisikoak dira gehienbat bilduak. Eta, azkenik, 90eko hamarkadatik goiti landuriko margolan koloretsuak azaltzen dira.
«Oso estilo ezberdinekoak dira margolanak. Visatek prestakuntza klasikoa izan zuen pinturan eta marrazkian. Grabatu tailerra zabaldu aurretik asko margotu zuen, baina, garai horretako obra guztiak erre zituen. Hogeita hamar urteren ondotik heldu zion berriz ere pinturari», gogorarazi dute.
Grabatuak
Visaten obra aipatzerakoan, grabatuak dira esanguratsuenak, eta, Biarrizko erakusketan arlo horretan artistak egindako lanaren zati bat ikusteko aukera emana da. «Ernstek grabatu guztiak Visatekin egin zituen. Arte argitaratzaile ezaguna ere bazen, eta sail horretan nazioartean ospe handia zeukan», goraipatu du Alain Fourgeot erakusketaren antolatzaileak.
Georges Visateren lanekin batera, lagun izan zituen Cesar, Lichtenstein, Alechinsky, Matta, Miro eta Man Ray bezalako margolari eta eskultoreen grabatuak ikusgai dira erakusketan, eta Visatek argitaraturiko liburuak ere bai. Horien bidez, Man Ray, Matta edo Daly bezalako artistekin dituen argazkiak eta gutunak irakur eta ikus daitezke Sainte-Eugenien.
«Biarnora joan aurretik ospe handia bildua zuen Visatek. Baina Paris utzi bezain laster ahantzia izan zen. Zendu aurretik erakusketak egiten jarraitu zuen», gogoratu dute antolatzaileek. Esate baterako, Getariko museoan eta Donibane Lohizunen bi egin zituen. «Biarritzen diren obra gehienak lehen aldia da publikoari zabalduak direla», gehitu dute.
Kriptan ikusgai diren Dorothea Tanningen obrei dagokienez, Visaten familiak duen bilduma pertsonaletik datoz. Artistak 60ko hamarkadan egindako hogei bat marrazki eta margolan bilduak dira erakusketan bisitarien gozagarri.
«Visat familiak Tanningen berrogei bat obra ditu. Bi artista horiek oso harreman estua zutenez, beraien bi unibertsoak elkartu nahi izan ditugu», agertu dute.