GARA > Idatzia > Kultura

PROFILA : GEORGES VISAT

Aurreko mendearen erdiko grabatzaile handienetakoa

p049_f01.jpg

GARA I

Eskuak ikusi egiten du, begiradak bilatu», erran ohi zuen pintore, grabatzaile eta editore honek. Korsikako Foce Di Melan jaio bazen ere, Montecarlon eman zuen haurtzaroa. 14 urtetarako taille-douce artea deskubritu zuen, Pariseko inprenta batean ikasten ari zela. Marrazketa eta akuarela eskolak hartu zituen eta artista korronte guztiez jakiteko irrika izan zuen gaztetatik.

Arte Dekoratzaileen Goi Eskolan sartu eta akuaforte grabatuetan espezializatutako inprenta batean lan egin zuen. Pariseko metroan ere aritu zen urtebetez eta garai hori hiriko museoak bisitatzeko aprobetxatu zuen, berak erraten zuen bezala, «begirada pinturara egiteko». Nagusiaren tailerra erosi eta taille-douceko bere inprenta sortu zuen. Bigarren Mundu Gerraren hasierako urteak ziren eta preso eduki zuten Alemanian bost urte luzez. 1945ean askatu zutenean Parisera itzuli eta grabatuei ekin zien berriro.

Urteak aitzinera joan ziren eta Visatek grabatzaile, pintore surrealista eta literaturagile anitz ezagutu zituen. Meght galeriak punta-puntan zebiltzan artisten grabatuak egiteko eskatu zion, Georges Braquerenak eta Joan Mirorenak, adibidez. Harreman estua eduki zuen hauekin eta lagun handiak egin zituen; Braqueri bereziki gustatu zitzaion bere grabatuak egiteko modua. Instituzioentzat ere egin zuen lan Korsikakoak: Kanpo Arazoetako Ministeriorako eta Errepublikako Presidentetzarako zorion eta menu txartelak diseinatu zituen.

Bere argitaletxea sortu zuen gero, eta artista lagunen lanak argitaratu zituen: Max Ernstenak eta bere emazte Dorothea Tanningenak; Joan Mirorenak, Marc Chagallenak, Roberto Mattarenak... Sarri-sarri bisitatzen zuen Saint Germain des Pres auzoa eta horri esker Raymond Queneau edota Louis Scutenaire literaturagileak ezagutu zituen, bertze lagun ugariren artean. 1978an, ordea, Paris utzi zuen bere familiarekin batera eta Pirinio Atlantikoetara joan ziren bizitzera, Suzanne emaztearen jaioterrira.

Bertan, grabatu, pintura eta marrazkiak egin zituen, maite zuen bezala atmosfera misteriotsuak sortu zituen, bere ametsak eta sentimenduak azaldu, ideiak era askean elkartu, surrealisten gai kuttunak landu. Eternitatea eta hilkortasuna ezin hobeki uztartzen zituen artistak omenaldia jaso zuen 1985ean, kultura frantsesari egindako ekarpenagatik. 2001ean zendu zen, ondorengoentzat obra zabala eta aberatsa utzita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo