PROFILA : DOROTHEA TANNING
Ehun urteko surrealismo mugimenduko kidea
GARA I
Dorothea Tanning surrealismo mugimenduko kideen artean bizirik gelditzen den bakarrenetakoa da. Ehun urte ditu eta Parisen bizi da. Georges Visat lagunaren urte berean jaio zen artista hau, 1910ean, Ameriketako Estatu Batuetako Illinoisen, Galesburgen. Chicagoko Arte Institutuan ikasi zuen eta geroago, 25 urterekin, New Yorkera jo zuen bizitzera. Bertan, publizitaterako marrazkiak egin zituen, eta galeriak bisitatuz joan zen arteaz ikasten.
Horietako batean egin zuen berebiziko aurkikuntza, fantasiazko arteari eta dada eta surrealismo mugimenduei buruzko erakusketa bat bisitatu zuenean. MOMAn izan zen, 1936an. Bigarren Mundu Gerra hasi zenean AEBetara erbesteratutako artista surrealistekin izan zuen harremana, bereziki batekin, gero bere senarra izanen zen Max Ernstekin.
Bere obra surrealistetan bertze mundu bat sortzen zuen, zeinuak marrazten zituen, bere ametsen historia kontatu. Espazioak, erretratuak, gorputzak, desioaren adierazpenak margotzen zituen. 1944an erakutsi zituen lanok lehenbiziko aldiz, Julien Levy galerian.
1940. urteetan dekoratuak eta arropak diseinatu zituen Ballet de Balanchinerentzat; 50eko hamarkadan, aldiz, eskulturarekin ausartu zen. Pinturarekin batera egin zituen eskultura lanak: gizaki arraroak, erdi pertsona erdi altzari, telazko eta larruzko fetitxe bitxiak, bere hitzetan, «kontaktuen indarkeriaren eta izaera basatiaren irudiak».
Dorotheak hainbat poema ere kaleratu zituen aldizkari zein liburuetan. 1953an Parisera joan zen eta bertan eman zituen ia 28 urte, New Yorkeko bidea hartu aitzinetik. Han bizi da orain eta bere lanak erakusten ditu hainbat tokitan. Museo entzutetsuenak janzten dituzte bere obrek, Estatu frantsesean eta Ameriketako Estatu Batuetan batez ere.