Bidasoaren etorkizuna aldarrikatzeko manifestazioa egin dute Irungo kaleetan
Bidasoak bizi duen egoera salatzeko, eta eskualde honek etorkizuna baduela aldarrikatzeko, LABek manifestazioa deitu zuen atzo arratsaldean Irunen. Administrazioaren jarrera gogor kritikatu zuten manifestariek.
GARA |
Garai gogorrak bizi dituzte Bidasoa eskualdeko biztanleek, izan ere, krisi ekonomikoak oso gogor kolpatu ditu, eta egun, Gipuzkoa osoan langabezia tasa handiena dute bertan, batez ere Irunen. Besteren artean, azken urteetan irabazi handiak metatu dituzten hainbat enpresek, garraio eta eraikuntzan jardun dutenek, batez ere, ateak itxi dituzte, eta honek guztiak oso ondorio larriak ekarri dizkie herritarrei. Pobrezia, bazterketa, etxebizitzen galtzea, tratu txarren gehitzea, depresioa, alkoholismoa... asko areagotu dira azkenaldian, bereziki emakumeak kolpatzen dituen krisi ekonomiko honen eraginez.
Hau guztia salatzeko, eta Bidasoak etorkizuna baduela aldarrikatzeko, LABek deituta manifestazioa egin zuten atzo berrehun bat lagunek Irungo kaleetan. Mobilizazio honen bitartez, administrazioak jokatzen duen papera ere salatu zuten, egoera larri honi aurre egin ordez «zerbitzu publikoak pribatizatu eta murrizten dituelako, azpikontraten lan-legedia ez betetzea baimentzen duelako, enpresen itxieren aurrean ezer egiten ez duelako, eta lan-erreformaren bidez langileon eskubideak murrizten dituelako».
Irungo ezker abertzaleak ere babesa eman zion atzoko manifestazioari. Prentsa ohar batean adierazi zuen Udaleko, Aldundiko eta Lakuako agintari instituzionalek neurriak hartu behar dituztela, «baina ez gaur egun hartzen ari direnen modukoak», baizik eta «aberastasunaren banaketa, ongizatea eta lan baldintza duinak» bermatuko dituzten neurriak.