GARA > Idatzia > Kirolak> Bilbao Basket

Saskibaloia Euskal derbia Miribillan

Jokatuko ez duenak beteko du lekurik garrantzitsuena

Bilbao Basketen aukerek gorantz egin dute Stanko Barac-en belauneko lesioa dela-eta. Kopara begira, garaipena ezinbestekoa da etxekoentzat. Haislipek eta Teletovicek gidatuko dute arabarren barruko jokoa.

p042_f01_097x144.jpg

 
BILBAO BASKET-BASKONIA

Arnaitz GORRITI I

Gaur eguerdiko derbiko jokalaririk garrantzitsuena zein izango den partida hasterako badakigu: Stanko Barac. Kroaziarra falta delarik -Khimkiren aurka belauna bihurritu ostean baja izango delako-, irabazteko bestela izango zukeena baino askoz aukera handiagoa edukiko du Bizkaia Bilbao Basketek. Osterantzean, arabarren gorabeherak kontuan izanda ere, Dusko Ivanovicenak lirateke Miribillan irabazle ateratzeko faborito.

Jakina da ez baskonisten entrenatzaileari, ez beltzezko gizonen teknikari Fotis Katsikarisi ez zaiela gustatzen kantxan izango ez diren jokalarien garrantzia azpimarratzea, baina ezagun da gaur eguerdian mundu guztia Caja Laboral Baskoniako 42 dortsala daramanari begira egongo dela, nahiz eta bera ez den inon ere ageriko, jokoari dagokionez bederen.

Hegal-piboten erreinua

Haislip eta Teletovicen bizkar gainean eroriko da gasteiztarren barneko jokoa. Kontua da ez bata ez bestea ez direla «egiazko» pibotak; nahiago dute uztaiarekiko aurrez aurre jokatu, urrutitik bota eta barneraldiak saiatzea bizkarrez jokatzea baino. Zentzu horretan, Mavroeidis eta Hernandez-Sonsecaren aurrean dezente sufritu lezakete.

Alabaina, egia da Bizkaia Bilbao Basketen barruko jokoa ere hegal-pibotek zuzentzen dutela. Banic eta Hervelle askoz lan hobea egiten ari dira Mavroeidis eta Sonseca baino, eta, hala, ez litzateke arraroa bi taldeetan oso joko irekia eta barruan ia baloirik sartu gabe jokatzea. Ondorioz, hiruko jaurtiketek eta buruz buruko jokaldiek sekulako garrantzia izanen dute.

Bizkaitarrentzat garaipenak sekulako garrantzia dauka, Baskoniarentzat baino gehiago ziurrenik. Izan ere, Bilbao Basket Kopan sartzeko lehian murgilduta dago, eta bost garaipen dituelarik, bederatzigarren lekuan dago; hots, Kopa jokatuko luketen aurreneko zortzietatik at. Etxean batik bat, hutsegite larregi egin dituzte Katsikarisenek, eta ezin dute gehiago egin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo