Heineken Kopa
Inork espero ez zuen porrota jaso du Biarritzek Italian
Zuri-gorriak, ustez, askoz ere gehiago ziren, eta garaipena eta puntu gehigarriaren bila joanak ziren. Azkenean, bi puntu bakarrik eskuratu dituzte.
Jon LEUNDA I
Zaplazteko galanta hartu zuen atzo Biarritzek Italiara egin zuen bisitan. Zuri-gorriak ustez askoz ere gehiago ziren, eta denek garaipena segurutzat jotzen zuten, baita erasoko puntua lortzea ere. Gainera, italiarrak orain arteko bi partidak galduta zeuden, eta euskaldunak, berriz, biak irabazita.
Amaieran, ordea, bi punturekin konformatu behar izan zuten. Erasoan bat lortu zuten, lau entsegu egin baitzituzten, eta defentsan ere lortu zuten, puntu bategatik galdu baitzuten. Hala ere, bost punturen bila joan eta bi bakarrik lortzea ez da batere ona, eta partida nola hasi zen ikusita, zer pentsatu ere ematen du.
Garaipena seguru samartzat jotzen zuten zuri-gorriek, eta ez ote ziren gehiegi lasaitu susmo hori bazuten amaieran. Izan ere, lapurtarren hasiera beldurgarria izan zen. Lehen ordu laurdenean bi entsegu eginak zituzten. Yachvilik ez zuen atzo bere egunik onena izan, ordea, eta hori ere nabaritu zuten euskaldunek, lau entseguetatik bi besterik ez baitzituen gauzatu.
Hala ere, lehen minutuetako nagusitasuna apalduz joan zen, eta etxekoak aurre hartu zioten Biarritzekoei. Dena dela, garaipena esku-eskura izan zuten. Neurketa amaitzeko zazpi minutu falta zirela, Yachvilik dropa lortu zuen, eta uste baino gehigo kostata, baina Lapurdikoak bost puntuak etxeratzeko moduan izango zirela ematen zuen. Baina bi minuturen faltan Laharragek drop bat lortu zuen, neurketa irauli eta italiarren Heineken Kopako lehen garaipena segurtatu zuen.
Azkeneko minutu apurretan ahalegindu ziren Gonzalezen mutilak, baina ezinezkoa izan zuten neurketa horri buelta ematea, eta burumakur etxeratu behar izan zuten. Hala ere, sailkapeneko lehen postuan jarraituko dute, eta bigarren fasea gero eta gertuago dute euskaldunek.
Ohorezko Mailan, Gernika Bizkaiak ez du barkatzen, eta sekulako abiadan doa gorantz. Atzokoarekin, laugarren garaipena eskuratu zuen bata bestearen atzetik. Atzo, etxean, Urbietako zelaian, 39 eta 11 menderatu zuen Alcobendas. Berde-beltzek, gainera, bost puntu batu zituzten, garaipena lortzeak ematen dituen laurak, eta erasokoa ere batu ahal izan zuten, bost entsegu lortu baitzituzten.
Madrildarrak puntu premia handian daude, jaitsierako postuetan baitaude eta presio handia eginez aritu ziren partida osoan zehar. Horrek neurketa itsustu egin zuen, baina norgehiagokaren kontrola etxekoek izan zuten beti. J.L.