GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

mendiko eskia I 2011 denboraldia

Mendiko eskiatzaileen lehia egutegia prestatu du jada euskal federazioak

Ohi den legez, Euskal Mendizale Federazioaren eski sailak Euskadiko Kopa zein Txapelketa aurkeztu ditu. Horretaz gain, mendiko eskian trebatu nahi dutenentzat Luz Ardidenen egonaldi bat antolatu du.

p043_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA I

Euskal Mendizale Federazioak (EFM) jakin badaki mendiko eskiak zale ugari dituela. Jakin badaki, era berean, federatuen laurdenak mendiko eskiaren alde egiten duela. Halaber jakin badaki, ordea, horietatik gutxik egiten dutela lehiaren alde. Bi adar horiek era egoki batean kudeatzea helburu du EMFren eski sailak. Eta horrela, bada, bi ikuspegi horiek indartu nahi ditu.

Azken urteotan bezala, lehenbizikoentzat, hots, mendi eskia aisialdi modura baino hartzen ez dutenentzat egonaldi bat antolatu du Luz Ardidenen, datorren astebururako. Helburua zehatza du: «Mendian eskiatzeko zein lehiaketan parte hartzeko baliagarriak diren teknikak erakutsi nahi dizkiegu. Beste era batera esanda, sakontzeko ikastaro modukoa izango litzateke. Era horretan, ezagutza handiagoa izan dezaten nahi dugu, eta, bide batez, lehiaketetara hurbiltzen baditugu, bada, helburu bikoitza lortuko genuke».

Eskizaleak lehiaketen gorabehera horietara ohitzen joan daitezen, datorren asteburuko egonaldian, igandean, hain zuzen, III. Kronotoy lasterketa jokatuko da. Kronoigoera, jakina, ez da ofiziala izango. Hori bai, benetako lehia nahi dutenek EMF-k antolatu die egutegi oparoa.

Eta helburuak aipatzen ari garenez, federazioaren eski sailekoek iragarri digute denboraldi berrirako ez dituztela gazteak ahaztu: «Horiek trebatu eta mendiko eskira erakarri nahi ditugu».

Altitoy, arrakastatsua

Euskadiko Kopari dagokionez, lau proba izango ditu. Hasteko, urtarrilaren 29an eta 30ean, Altitoy Irekia jokatuko da. Ohi den bezala, hitzordu hori da parte-hartzaile gehien erakartzen duena. Festa handia izan da azken ekitaldietan, eta datorren urtekoa ere ez da atzean geratuko. Izan ere, izen-emate kopuruak gainezka egin du: 500 eskiatzaileren muga bete da dagoeneko! Gainera, Taldekako Euskadiko Txapelketa ere izango da.

Astebete geroago, otsailaren 6an, Challenge Luchon-en txanda izango da. Euskadiko buruz buruko Txapelketa ere bada. Eta martxoaren 13an, berriz, Formigaleko zeharkaldia.

Eta amaitzeko, Euskal Herriko proba aitzindaria: Andres Regil Saria. Apirilaren 3an izango da, eta, federaziokoek jakinarazi dutenez, Kopan puntuatzeko ezinbestekoa izango da bertan parte hartzea. Gainera, Euskadiko Kronoigoera Txapelketa jokatuko da. Argibide gehiago: www.emf-fvm.com webgunean.

Horixe da EMFren eski sailak berriki aurkeztu dizkigun asmoak. Baina bada beste bat aurten ere presente egongo dena. Federazioak antolatutako selekzioari buruz ari gatzaizkizue.

Nagusien mailarako hiru ordezkari hautatu ditu Aitor Murua hautatzaileak: Izaskun Zubizarreta, Joseba Tobar eta Iban Letamendi. Gazteen mailan lehiatuko direnak, berriz, honakoak: Ander Garmendia, Ander Sisitiaga, Lide Leibar eta Jon Leibar. Prestatzailea Jokin Lizeaga izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo