GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Pertzepzioa, txarra; errealitatea, are txarragoa

Ez dirudi banku espainiarrak horren egoera onean daudela, ez Madrilgo Gobernuak behin eta berriz esan izan duen bezala, behinik behin. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (OCDE) plazaratu berri duen azken txostenaren arabera, bankuen sektorea euroguneko suspertze ekonomikoaren arriskurik handiena da oraindik; ondorioz, banku nagusiei aldizkako kaudimen-testak egitea gomendatu du. Moody's kalifikazio agentziaren txosten batek eta «The Wall Street Journal» egunkariko artikulu batek banku espainiarrei buruzko diagnostiko iluna osatu dute, beraiek eta Gobernu espainolak ikusarazi nahi izan duten baino askoz ilunagoa, inondik ere. Espainiako Bankuko gobernadore Miguel Angel Fernandez Ordoñezek atzo gardentasuna eskatu zuen, bankuei hiru hilabetean behin finantziazio premien gaineko informazioa emateko eskatuta. Fernandez Ordoñezek esan zuenez, hala egin behar dute «errealitatearen pertzepzioa errealitatea bera baino okerragoa denean, zehatz-mehatz azaldu beharra» omen dago. Moody's agentziaren arabera, banku espainiarrek 176 mila milioi euroko kopuruari aurre egin behar diote hornidurak eta erreserbak direla-eta, baina bankuek horren erdia baino ez zuten aitortua. Kasu honetan badirudi errealitatea haren pertzepzioa baino are okerragoa dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo